agenda » ekaina | HARPIDETU BULETINERA

Zerbixeko minbizia bahetzeko osakidetzaren ekimen berria

30 urtetik gorako emakumeei zuzendutako Osakidetzaren ekimena da. Lagina norberak hartzeko kit bat jasoko dute etxean, eta 24-48 orduko tartean entregatu beharko da gertuen dauden osasun-zentroetako batean. Uda baino lehen abian jartzeko asmoa dago, Beterrin, Donostialdean, Oarsoaldean, Tolosaldean eta Urola Kostan. Harrera ona badu Euskadi osora zabaltzeko asmoa dago.

Helburua argia da, bizitzak salba ditzakeen prebentzio-programa honen parte-hartzea areagotzea. Izan ere, aurreikus daitekeen minbizi bakarrenetako bat da umetoki-lepoko minbizia, eta, aurreko lesioak garaiz detektatuz gero, minbizi-mota hori garatzea saihestu daiteke. Edurne Arenaza Osakidetzako emaginak koordinatzaile dihardu zerbixeko Minbiziaren Baheketa Programan, eta honela azaldu du: «Programaren helburua, izenak dioen bezala, umetoki-lepoko minbizia aurreikustea da, haren kausa ezagutzen dugu eta: kasu gehienak giza papilomaren birusak [GPB] eragiten ditu».

Ekimen hau eginda dago aurretik baheketa bat egitera gonbidatuak izan zirenentzat baina egin ez zutenentzat zehazki. Orain arte, beti emaginaren kontsultara joatea eskatzen zitzaion pazienteari, ohiko bideari jarraituz. Emaginak hartualdi bat egiten zuen zerbixean, zitologiaren eta GPBa hautemateko frogaren bidez birusaren presentzia eta zelula-alterazioak hautemateko. Autotomarekin, berriz, pazienteak berak jaso dezake lagina bere etxean; honela, norberak GPBa hautemateko froga egin dezake kontsultara bertaratu behar gabe.

Kontsultara bertaratu gabe
Norberaren lagina hartu ahal izateak, ez du ohiko baheketa ordezkatuko, gehigarri bat izango da, ohiko programan parte hartzen ez dutenek parte har dezaten. Arenazak azaldu du norberak laginak hartzeak dakarren onurarik handiena dela baheketan parte hartzea erraztea. Norberaren etxetik erraz, eroso eta modu seguruan egin daiteke proba, zita eskatu edo osasun-zentrora agertu beharrik izan gabe.

2024an telefono-bidezko inkesta egin zitzaien ohiko baheketara gonbidatu baina parte hartu ez zuten hainbati. Baheketan parte ez hartzeko arrazoien artean, hiru nabarmendu ziren: ordutegi-bateraezintasuna, egitea ahaztea edo egiteko nagikeria eta jarraipen ginekologikoa zentro pribatuetan egitea. Beste arrazoi batzuk ere agertu ziren, hala nola osasun-arazoak, komunikazio-arazoak eta beste pertsona baten kargu izatea.

«Emakume askok aukera intimoagoa eta ez hain deserosoa ikusten dute lagina norberak hartzea», azaldu du Arenazak: «Espero dugu erosotasun handiagoa izateak orain arte prebentzio-sistematik kanpo geratzen zirenengana iristeko modua emango duela».

Kitaren nondik norakoak
Programan parte hartu nahi duenak, SMS mezu bat jasoko du informazio eta esteka batekin. Estekak web-orri batera eramango du, non prozedura azaldua egongo den. Parte hartu nahi dela esan ondoren, norberaren etxean kit bat jasoko da eskuorri irudidun batekin batera.

Proba egiteko, makilatxo txiki bat sartu behar da zentimetro batzuk emeki-emeki baginan; ondoren, hogei segundo inguruz, bueltak eman behar zaizkio makilatxoari bagina barruan dagoen artean. Azkenik, lagina osasun-zentro batera eraman beharko da 24-48 orduko epean.

«KEINU TXIKIA DA, BAINA GAIXOTASUN LARRI BAT SAIHESTU DAITEKE»
Edurne Arenaza

Proba erraza eta segurua dela ziurtatu du Arenazak. Ikuspuntu teknikotik, konparatu daitezke proba honek eskaintzen dituen emaitzak profesionalek hartzen dituztenekin. Eskuorri irudidunarekin batera, profesionalekin kontaktuan jartzeko aukera edukiko dute proba egiten dutenek, dudak argitzeko.

GPB, uste baino ohikoagoa den birusa
Programa honek ez du helburu bakarra. Osasunaren alde egiteaz gain, helburu soziala ere badu. Giza papilomaren birusak beldurra eta desinformazioa sortzen du, nahiz eta oso birus ohikoa izan. Arenazak ziurtatu du gizartearen % 80k harrapatuko dutela birusa beren bizitzako momenturen batean. Kontua da, kasu gehienetan, gorputzak berak ezabatuko duela birusa, inolako tratamendurik gabe, urte baten edo biren buruan.

Infekzioak bere horretan jarraitzen duenean dator arazoa; izan ere, lesioak eragin ditzake, lesio gaiztoak. Horiek detektatu eta tratatu ezean, zerbixeko minbizi baterantz eboluzionatuko dute.

Horregatik, proba hau egitean emaitza positibo bat jasotzen baldin bada, emaitzak eragin emozional handia sorraraz dezake. «Zerbixaren baheketaren kasuan sexu-transmisiozko infekzio bat detektatzea gehitzen zaio kontuari, horrek ekar ditzakeen inplikazio pertsonalekin, bai bikotekidearen aldetik eta bai sozialki», aitortu du Arenazak. Antsietate hori murrizteko, Osakidetzak pazienteek jasotzen duten informazioa eta komunikazioa hobetu du, informazio «argi eta ulerterraza» eskainiz; horrela, emaitzak jasotzean sor daitezkeen ezinegonak gutxitzen dira.

Arenazak argi du, arriskurik handiena proba ez egitea da, programan ez parte hartzea. Osakidetzak dituen datuek argi uzten dute baheketaren garrantzia. 2018tik aurrera hauteman diren umetoki-lepoko minbizi kasuen % 60 inguruk ez zuten parte hartu prebentzio programan. Prebentzio-programatik at diagnostikatzen diren kasuak, normalean, pazienteak sintomak dituenean hautematen dira, eta «gaixotasuna fase aurreratuan» izan ohi dute. Prebentzio-programan diagnostikatzen direnak, ordea, hasierako faseetan egon ohi dira, eta, ondorioz, pronostikoa eta bizi-kalitatea hobeak dira.

Parte hartzearen garrantzia
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan parte-hartzea % 70 inguruan dabil; Europatik datozen gomendioekin bat dator. Horren harira, Arenazak aipatu du ez dutela aldatu nahi funtzionatzen duena, baina bai eskua luzatu parte hartzen ez dutenei.

Programa hori Eusko Jaurlaritzako Osasun sailaren 2025-2030 Plan Onkologiko Integralean dago jasota. Planak tresna berritzaileen aldeko apustua egiten du, prebentzioa hobetzeko eta osasun-programetarako sarbide zuzenagoa bermatzeko. Arenazak baikortasunez azaldu du gehiagok parte hartzea lortzen bada gehiago aprobetxatuko dela ondo antolatutako baheketa-programa bat izatearen onura. Eta norberak proba egitea funtsezkoa izan daiteke helburu hori lortzeko.

Zerbixeko minbiziak beste gaixotasun askok ez duten alde on bat du: erraz aurreikusi eta saihestu daitekeen minbizi mota da. Honela amaitu du Arenazak: «Norberak birusaren proba egitea keinu txikia da, baina, keinu txiki horrekin, gaixotasun larri bat (saihestu) ekidin daiteke».

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other