Osakidetzako Etxebarriko Osasun Zentroak eta udalerriko lau farmaziek programa bat abiatu dute elkarlanean asma eta biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoa (BGBK) duten pazienteen arreta hobetzeko. Ekimenaren helburua da pazienteek tratamenduarekiko atxikimendu handiagoa izatea eta inhalagailuak erabiltzeko teknika egokia ikastea.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak bultzatutako proiektuari Etxebarriko lau farmaziak batu zaizkio helburu jakin batekin: pazienteek mezu eta orientabide berdinak jasoko dituzte osasun-zentroan zein farmazietan.
Barrualde-Galdakaoko ESIa lankidetza komunitarioko estrategia bat garatzen ari da. Etxebarriko Osasun Mahaian, Osakidetzako Lehen Mailako Arretako profesionalek eta herriko farmazia komunitarioetako ordezkariek parte hartzen dute, pazienteei ematen zaien informazioa eta aholkuak bateratzeko asmoz. Horren parte da, hain zuzen, hizpide dugun proiektua.
Proiektuaren baitan, Natalia Gomez Forcada erizain komunitarioak inhalagailuen erabilerari buruzko prestakuntza tekniko espezializatua eskainiko du, osasun-zentroko profesionalen eta farmazietako langileen artean irizpide tekniko bera ezartzeko.
Arantza Calderon Etxebarriko Osakidetzako Lehen Mailako Arretako Unitateburuaren arabera, udalerriko osasun-eragileek modu bateratuan lan egingo dute aurrerantzean arnas gaixotasunak dituzten pazienteen jarraipena egiten dutenean.
Nola sortu zen Osakidetzako Etxebarriko Osasun Zentroaren eta herriko farmazien lankidetza hori?
Pandemiatik aurrera, ikusi genuen BGBK duten pazienteek eta asmatikoek arreta berezia behar zutela. COVIDaren ondorioz, kontsultetan edo espirometrien azalpenak emateko ezintasuna zegoenez, beharrezkoa izan da, zailtasun horiei aurre egiteko, aipatu duzun lankidetza sortzea. Helburua argia da: paziente kroniko horiei arreta jarraitua eta kalitatezkoa bermatzea.
Zein behar edo arazo antzeman zenuten programa hau martxan jartzeko?
Inhalagailua erabiltzeak, hasiera batean, sinplea dirudien arren, baditu bere puntu kritikoak. Ohartu ginen paziente askok ez dutela teknika egokia erabiltzen. Batzuk nahiko maiz etortzen ziren kontsultara, baina egia da beste asko, BGBKa gaixotasun kronikoa denez, ez dira kontsultatik hain sarri pasatzen. Osasun-zentrotik haiekin lanean hasi ginen, eta galdetegi bat banatu genien. Inhalagailuak erabiltzeko orduan sortu daitezkeen zailtasunak identifikatu nahi genituen eta konturatu ginen gurera etortzen ez diren paziente horiek farmaziara joaten direla inhalagailuak hartzera. Horregatik, pentsatu genuen farmazietan zegoela gakoa, eta haiekin harremanetan jar gintezkeela jarraibideak bateratzeko.
Erizaintza komunitarioko kongresu batean aurkeztu genuen proiektua, eta farmaziekin elkartu ginen haien iritzia jasotzeko. Oraingoz, lehen kontaktu-fasean gaude farmaziekin.
Hurrengo urratsa inhalagailuen erabilerari buruzko prestakuntza tekniko espezializatua izango da. Zergatik da hain garrantzitsua inhalagailuak behar bezala erabiltzea?
Hasteko, inhalagailuen eskaintza hain zabala eta askotarikoa denez, erabiltzaileek sarri ez dute jakiten nola erabili. Pazientearen arabera, batzuk errazagoak dira erabiltzen eta beste batzuk konplexuagoak. Gainera, eskuetan duzun indarraren, paziente bakoitzaren trebetasunaren eta arnasa hartzeko gaitasunaren araberakoa ere bada. Gailu bakoitzak bere teknika du. Oker erabiltzen badira, sendagaiak erabat galtzen du eraginkortasuna; beraz, oso garrantzitsua da behar bezala erabiltzea.
«EKIMENAREN HELBURUA DA PAZIENTEEK TRATAMENDUAREKIKO ATXIKIMENDU HANDIAGOA IZATEA ETA INHALAGAILUAK ERABILTZEKO TEKNIKA EGOKIA IKASTEA»
Prestakuntza-saioei dagokienez, zer-nolako onurak ekarriko dizkie osasun-profesionalei eta farmazialariei? eta erabiltzaileei?
BGBK duten pazienteen kasuan, haien jarraipena eta kontrola hobetzea gustatuko litzaiguke, sintomak hobeto kudeatzea eta bizi-kalitatea hobetzea. Era berean, garrantzitsua iruditzen zaigu biriketako errehabilitazio-programak ere sustatzea, paziente horien osasuna eta autonomia hobetzeko funtsezko tresna baitira.
Farmazien eta osasun-zentroaren arteko lankidetza. Nolako ekarpena egiten dute herriko farmaziek Osasun Sailak bideratu duen ekimen horretan?
Medikuak patologiaren arabera inhalagailu jakin bat agintzen du. Erizainok pazienteei inhalagailua nola erabiltzen duten galdetzen diegu, eta askotan, erabilera okerra egiten dutela ohartzen gara. Farmazialariei, aldiz, kontsultan esaten ez dituzten gauzak kontatzen dizkiete pazienteek; esaterako, batzuek esaten dute hiru inhalagailu agindu dizkietela, baina ez dela nahikoa eta lau behar dituztela… Farmazialariak ohartzen dira batzuetan ez dituztela behar bezala erabiltzen inhalagailuak, edo sintomak agertzen direnean inhalagailu okerra erabiltzen dutela batzuetan.
Azken batean, farmazien zeregina paziente horiek identifikatzea ere bada: zergatik ez duten botika hartzen, zergatik erabiltzen duten gaizki eta zer zailtasun dituzten. Gainera, prestakuntzaren eta heziketaren ikuspegitik ere, ekarpen handia egiten dute, pazienteari osasun-hezkuntza eskainita eta erabilera egokia irakatsita.
Zein dira lankidetza horren alde onak?
Lankidetza horri esker, pazientearen errealitatearen ikuspegi osoagoa dugu. Hala, lehenago esku har dezakegu. Azken finean, elkarrekin lan egitea da helburua, pazienteak arreta hurbilagoa, pertsonalagoa eta kalitatezkoa jaso dezan, osasun-zentrora zein farmaziara joanda ere.
Etorkizunera begira, zein dira ekimenaren hurrengo urratsak?
Proiektuaren programazioa eta esku-hartzearen diseinua ondo prestatu nahi ditugu, ebaluatu eta neurtzeko modukoa izan dadin, eta oinarri zientifiko sendo bat izan dezan. Dena ondo definituta dugunean, asmoa proiektua behin betiko martxan jartzea da. Gure ustez, proiektuak emaitza interesgarriak eman ditzake. Behin amaituta eta emaitzak ikusita, beste udalerri batzuetara zabaltzea izan daiteke aurrera begirako aukeretako bat.




