agenda » iraila | HARPIDETU BULETINERA

Aretxabaleta, zaintzaren etorkizuna eraikitzen

Pertsonak erdigunean jartzea da gaur egungo osasun- eta gizarte-arretaren erronka nagusietako bat. Helburu horrekin jaio da Osakidetzako sarean Aretxabaletako zentro soziosanitario integratua, arreta koordinatua eta pertsonalizatua emateko. Osasuna, gizarte-zerbitzuak eta komunitatea espazio berean elkartzen dituen eredu berritzaile honek pertsona jartzen du erdigunean, prebentzioa, koordinazioa eta arreta osoa ardatz hartuta.

Aretxabaletako POBA (pertsonen ongizatea begirada anitzetik) proiektu pilotuak helburu argia du: adineko pertsonen autonomia eta bizi-kalitatea hobetzea, arazoak agertu aurretik identifikatuz eta esku hartuz. Horretarako, lehen urratsa herriko 70 urtetik gorako biztanleekin egin dute.

«Proiektuaren helburua da prebentzioaren bidez pertsonen autonomia eta osasuna hobetzea. Horretarako, 70 urtetik gorakoak hartu genituen abiapuntu gisa, nonbaitetik hasi behar eta uste baikenuen haiek direla gehien zaindu behar dugun populazioa. Azken finean, gure helburua da jendea ahalik eta autonomoena izatea», azaldu du Argiñe Ibarguren Osakidetzako medikuak.

Begirada zabalago bat paziente bakoitzarentzat
Proiektua oraindik ebaluazio-fasean den arren, lehen emaitzak baikorrak direla diote bertan lanean ari diren profesionalek. Izan ere, aldaketarik handiena pazienteen balorazioan gertatu da.

Orain arte osasun-arloan oinarritutako balorazioa egiten zen, batez ere; gaur egun, ordea, ikuspegi multidiziplinarioa erabiltzen da, alderdi sanitarioa eta soziala uztartuz. Horrek ahalbidetzen du pertsona bere osotasunean ezagutzea.

«Lehen, balorazio sanitario batean oinarritzen ginen, batez ere. Orain, aldiz, balorazioa askoz ere osoagoa da, ikuspegi soziala ere txertatzen delako. Pazientea hainbat ikuspegitatik aztertzen dugu, eta horrek ezagutza askoz globalagoa ematen digu», azaldu du Garazi Diez Osakidetzako erizainak.

Horri esker, profesionalek lehen ezagutzen ez zituzten alderdiak identifikatzen dituzte; besteak beste: etxeko egoera, mendekotasun-maila, laguntza sozialen beharra eta bakardade egoerak.

«LEHEN, BALORAZIO SANITARIO BATEAN OINARRITZEN GINEN, BATEZ ERE. ORAIN, ALDIZ, BALORAZIOA ASKOZ ERE OSOAGOA DA, IKUSPEGI SOZIALA ERE TXERTATZEN DELAKO»
Garazi Diez

«Alde sozial horrek lehen ez genuen informazioa ematen digu: zer-nolako beharrak dituzten etxean, nolako dependentzia-maila duten edo laguntza sozialak jasotzen ote dituzten. Horrek guztiak pertsona hobeto ezagutzeko aukera ematen digu», gaineratu du Ibargurenek.

Kontsulta bakoitza aukera bat da
70 urtetik gorako pazienteak osasunzentrora beste edozein arrazoirengatik joaten direnean ere aprobetxatzen dute balorazioa egiteko. «70 urtetik gorako pazienteak kontsultara beste edozein arrazoirengatik etortzen direnean, galdetegia pasatzeko aprobetxatzen dugu. Beste batzuek, berriz, eurek eskatzen dute informazioa jasotzeko. Horrek aukera ematen digu haien osasun-egoeran gehiago sakontzeko eta ikuspegi soziala ere txertatzeko», azaldu du Diezek.

Lehen urratsa erizaintzatik egiten da. Pazienteari galdetegi bat pasatzen zaio, eta hainbat arlotako informazioa jasotzen da. Ondoren, datu horiek gizarte-
zerbitzuek osatzen dituzte, eta bien artean pertsonalizatutako arreta-plana diseinatzen da.

«Erizainek egiten dute hasierako balorazioa. Ondoren, informazio hori balorazio sozialarekin osatzen da eta, horren arabera, paziente bakoitzarentzat plan indibidualizatua prestatzen dugu. Batzuetan, kontsultan bertan gomendatzen zaio gizarte-balorazioa egiteko; beste batzuetan, tailerrak edo bestelako baliabideak proposatzen dizkiogu, eta, behar denean, gizarte-langileekin batera aztertzen dugu kasua», azaldu du Diezek.

Profesionalek azpimarratzen dute plan horiek ez direla profesionalek bakarrik erabakitzen dituzten proposamenak. «Garrantzitsuena pazienteari entzutea da. Helburua ez da baliabideak eskaintzea soilik; denon artean adostutako plan bat egitea da, pertsonarentzat benetan erabilgarria izango dena», nabarmendu du Ibargurenek.

Ikasten eta hobetzen
Lehen esperientzia pilotua izanik, bidean ikastea ere proiektuaren parte da. Hasieran diseinatutako tresnak egokitzen joan dira eguneroko jardunaren arabera. «Hasierak beti dira zailak, ez duzulako beste esperientziarik erreferentzia gisa. Hasieran uste genuen galdetegiko itemak nahikoak izango zirela, baina, eguneroko lanean, konturatu gara batzuk motz geratzen zirela eta beste batzuk, berriz, garrantzitsuagoak zirela», azaldu du Garazi Diezek. Horregatik, etengabeko hobekuntzan ari dira lanean. «Pixkanaka proposamen berriak egiten ari gara ahalik eta ebaluaziorik osoena lortzeko. Azken batean, etorkizunean proiektua beste toki batzuetara zabaltzea bada helburua, oinarriek sendoak izan behar dute», dio Ibargurenek.

Aretxabaletako zentro soziosanitarioaren berrikuntzarik handienetako bat ez da soilik metodologia berria, baizik eta espazio bera partekatzea. Orain arte gizarte-zerbitzuak eta osasun-arloa erakunde banatan egon dira; gaur egun, ordea, profesionalek elkarren ondoan egiten dute lan. «Orain arte alde soziala eta alde sanitarioa bi mundu izan dira. Eraikin berean egoteak komunikazioa izugarri erraztu digu; zuzena da eta askoz arinago erantzuten diegu pazienteen beharrei», adierazi du Diezek. Koordinazio horrek erabakiak azkarrago hartzea ahalbidetzen du eta, batez ere, pertsona bakoitzaren beharrei erantzun egokiagoa ematea.

Etorkizunera begira
POBA proiektuaren azken helburua ez da Aretxabaletan geratzea. Proiektu pilotua amaitutakoan, eredua beste herri eta eskualdeetara zabaltzeko aukera aztertuko da, betiere lortutako emaitzak baikorrak badira. «Helburua, proiektua beste toki batzuetara hedatzea da, baina lehenengo ikusi behar dugu benetan bideragarria ote den eta nolako emaitzak ematen dituen. Gizartea gero eta zaharragoa da, eta, bizi-kalitate ona bermatu nahi badugu, prebentziotik hasi behar dugu lanean», dio Ibargurenek.

Oraingoz, lehen ondorioetako bat argia da: profesionalek pazienteak hobeto ezagutzen dituzte; eta ondorioz, horrek arreta ere pertsonalizatuagoa izan dadin eragiten du. «Orain arteko esperientziak erakutsi digu pazientea hobeto ezagutzea dela lehen urratsa, zaintza hobea eskaintzeko. Horixe da, azken batean, proiektu honen benetako balioa», ondorioztatu du Garazi Diezek.

Aretxabaletan abian jarritako esperientziak erakusten du osasuna ez dela lantzen kontsultako hormen barruan bakarrik. Pertsona bizi den ingurunea, harreman-sarea eta eguneroko errealitatea ere zaintzaren parte dira. Eta, hain zuzen ere, osotasun ikuspegi horretan oinarritzen da etorkizuneko zaintza-eredua.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other