Osakidetzako langileek III. Euskara Planaren inguruko ikastaroa egin ahal izango dute irailaren 14tik aurrera, Jakinsarea plataformaren bidez. Prestakuntza-ekimen hau Prestakuntza Plan Korporatiboaren barruan kokatzen da eta Osakidetzako profesional guztiei zuzenduta dago.
Osasun-asistentziaren kalitatea bermatzeko tresna baliagarria da Euskara Plana
Pazientearekiko eta erabiltzailearekiko komunikazioa eta hizkuntza-eskubideen errespetua oinarrizko zutabeak dira Osasun-asistentziaren kalitatea bermatzeko. Izan ere, pazienteei zerbitzu egokia emateko, ezinbestekoa da arreta pazienteak hautatzen duen hizkuntzan ematea. Era berean, Osakidetzako profesionalek ere euskaraz komunikatzeko eta lan egiteko eskubidea bermatua izan behar dute.
III. Euskara Planaren edukiak zabaltzea eta ezagutaraztea helburu
Osakidetzan, gaur egun, III. Euskara Plana (2022-2028) garatzen eta inplementatzen ari da erakundearen eremu guztietan. Inplementazioa modu egokian egiteko, behar-beharrezkoa da Osakidetzako profesionalek Euskara Planari buruzko informazio argia eta zehatza eskuratzea. Hortaz, ikastaro honek Osakidetzako profesionalei hizkuntzen normalizaziorako eta hizkuntzen kudeaketa egokirako oinarrizko ezagutzak eskaintzea du helburu.
«IKASTAROAK 10 ORDUKO IRAUPENA DU ETA ONLINE MODALITATEAN ESKAINTZEN DA, LANGILE BAKOITZAK IKASKETA-PROZESUA BERE ERRITMORA ETA EGUTEGIRA EGOKITU DEZAN»
Prestakuntza honen bidez, Osakidetzako profesionalek III. Planaren zutabe nagusiak ezagutzeaz gain, eguneroko jardunean erabil ditzaketen hizkuntza-baliabideak eta tresna praktikoak eskuratuko dituzte.

Egitura praktikoa eta malgua
Ikastaroak 10 orduko iraupena du eta online modalitatean eskaintzen da, langile bakoitzak ikasketa-prozesua bere erritmora eta egutegira egokitu dezan. Eduki didaktikoak, azalpen teorikoak eta aplikazio praktikoak uztartzen ditu, hiru modulutan banatuta:
- Modulua: Hizkuntzen kudeaketaren inguruko testuingurua
Lehenengo moduluan, III. Euskara Planaren testuingurua zein den azaltzen da. Alde batetik, Euskal Autonomia Erkidegoan euskararen ezagutza eta erabilera nolakoa den ezagutzeko hainbat datu soziolinguistiko aurkezten dira; Inkesta soziolinguistikoak eta Kale-erabileraren neurketak emandako azken datuak, hain zuzen ere.Horrez gain, hizkuntzen errealitatea hobeto ulertzeko hainbat kontzeptu argitzen dira: hizkuntza-ukipena, diglosia edo elebitasun soziala, eleaniztasuna, hizkuntza-politika, hizkuntza-aldakortasuna. - Modulua: Euskara Planaren edukiak
Bigarren moduluak Osakidetzako profesionalen interesekoak izan daitezkeen hainbat gai jorratzen ditu, esate baterako, nolakoa izaten ari den euskararen presentziaren eta erabileraren bilakaera Osakidetzan.Euskara Planak zer diren eta zertarako balio duten azaltzen da modulu honetan eta, Osakidetzako III. Planean sakonduz, erakundeko planaren printzipioak, oinarriak eta helburuak zeintzuk diren.Osakidetzako profesionalek pazienteak eta erabiltzaileak haiek nahi duten hizkuntzan artatzeko nola jokatu behar duten azaltzen digu hizkuntza-irizpideen atalak.Horrez gain, beste hainbat gai lantzen ditu moduluak: profesional eta zerbitzu elebidunen identifikaziosistema, hizkuntza-ohiturak aldatzeko egitasmoak, hizkuntza-eskakizunak, derrigortasun-datak… - Modulua: Euskaraz lan egiten laguntzeko tresnak
Osakidetzako profesionalek hainbat baliabide dauzkate eskuragarri lanean euskaraz jardun ahal izateko. Atal honetan tresna horien inguruko informazioa eskaintzen da: euskaraz lan egiteko eskuliburuak, itzultzaile neuronal automatikoak, gramatikak, estilo liburuak…
Modulu honek jasotzen dituen ariketa praktikoen bidez profesionalek argitu dezakete zein izan daitekeen hizkuntza-zalantza bakoitza argitzeko tresnarik egokiena.
Urtean bi edizio; hurrengoa 2027ko udaberrian
Prestakuntza-ikastaroa euskaraz bakarrik eskainiko da lehenengo edizioan, profesionalek ikastaroa euskaraz burutzea lehenetsi delako. Hurrengo edizioa 2027ko udaberrian izango da eta ikastaroa euskaraz zein gaztelaniaz izango da eskuragarri bigarren edizio horretan.




