agenda » apirila | HARPIDETU BULETINERA

«Gaixo mentalen jarrera bikaina izaten ari da»

Edorta Elizagarate • Arabako Ospitale Psikiatrikoko Psikiatria Zerbitzuko burua

Mendebaldeko herrialdeetan azken mendean horrelakorik izan ez denez, konfinamenduak ezustean jo du gizartea. Edorta Elizagarate Arabako Ospitale Psikiatrikoko Psikiatria Zerbitzuko buruak uste du gaixotasun mentalak dituzten horiek ondo ari direla aurre egiten egoerari.

 

Ikusi duzue gaixotasun mentalen gorakadarik konfinamendu honetan?
Aste batzuk daramatzagu konfinamenduan. Denbora honetan ez dut ikusi nahasmendu mentalak areagotu direnik, ezta jende gehiago ospitaleratu denik ere, baina horrek ez du esan nahi ez denik izango. Gaur goizean dei ugari izan ditut; sasoi konplexu batean sartzen ari gara. Orduan, posiblea da lehen egunetan ikusi dugun elkartasunagatik, berrikuntzengatik, telelanagatik eta harreman telematikoengatik gaitza geldiarazi izana, baina ezin dugu jakin zer gertatuko den hurrengo asteetan; ezinezkoa da jakitea. Agian gerta daiteke [gure aldetik] esku-hartzeko beharrizan handiagoa izatea.

Zelan daramate konfinamendua lehenagotik gaixotasun mentalak zeuzkatenek?

Ziurgabetasun handia dagoenez, horrek denoi eragiten digu. Denok daukagu etorkizunaren zentzua, denok dakigu zer egingo dugun bihar edo etzi edo datorren hilean. Konfiantza daukagu, eta uste dugu gure eta gure ondokoen bizitzak antolatu egin daitezkeela. Eta hori kolokan jartzen denean, gaitasun barik geratzen gara etorkizuna igartzeko. Hori da ziurgabetasunaren oinarria, eta gure izaeran eta gure borondatean haustura handiak sor ditzake. Hori kontuan hartuta, gaixoek zaurgarritasun puntu bat izan dezakete, eta, zaurgarritasuna eta ziurgabetasuna batzen badira, larritasunak gora egin dezake.

Horrek ondorena ekar dezake, hala nola ez jatea, lorik ez egitea, erritmoa aldatzea, plangintzaren eta errutinaren zentzua galtzea eta abar. Garbiketarekin eta kutsadurarekin nahasmendu obsesibo-konpultsiboa daukan norbaiti oreka galaraz diezaioke. Arriskuen zain dagoen paranoide bat desorekatu egin daiteke. Hipokondriako bat ere bai. Gainera, deprimituta dauden batzuek beren buruaz beste egiteko gogoa izaten dute; orduan, pentsa zein arriskutsua den bakartuta bizitzea. Lau kasu esan dizkizut, baina beste hainbat daude. Paziente batzuek beren burua zauritu dezakete, eta hori ere gogoan izan behar dugu.

«PAZIENTE ASKO SEKULAKO ERRESILIENTZIA ERAKUSTEN ARI DIRA HONI AURRE EGITEKO»

Erakundeek salbuespena egin dute autismoa dutenekin, eta kalera irteteko baimena eman diete. Nahasmendu mentalak dituztenengan pentsatu ote dute?
Ez dute salbuespen askorik egin konfinamenduko aldi honetan, baina bai egin du gora telefono bidezko laguntzak. Salbuespen handirik egon ez bada ere, jarraipen handiagoa egin nahi diegu paziente batzuei, eta hitzorduak eman dizkiegu egunez ospitalera etor daitezen. Hau dena ohiz kanpokoa da, eta formulak bilatu ditugu konfinamendua urratu barik laguntzeko. Hori bai, hona deitu behar badiegu, etortzeko baimena dute, eta ez diete isunik jarriko. Hala ere, bai egon dira konfinamendua errespetatu ez duten pazienteak, eta isunak jarri dizkietenak; hori hala da.

Neurriak hartu behar lirateke euren beharrizanak alarma egoerara egokitzeko?
Salbuespenak egin behar ote liratekeen? Niri beldurra ematen dit; salbuespenak egiten hasiz gero, horrek estigmatizazioa eragin dezake. Pazienteak estigmatizatzea ez da mesedegarria haientzat. Azken finean, esaten baldin badugu «denak etxean, hauek izan ezik», haiek seinalatzen ari gara. Oraingoz, nik neuk ez nuke salbuespenik jarriko. Erabil ditzagun baliabideak, eta erabil dezagun gure gaitasuna ospitaleratze klinikoetarako eta etxeko laguntzarako. Ez dut ikusten oraindik ospitaleratzeen hazkunde handirik, baina ez naiz esaten ari ez denik izango. Oraingoz, pazienteen jarrera bikaina izaten ari da. Badira berriz ere ospitaleratu behar izan direnak, baina aldi berean beste asko sekulako erresilientzia erakusten ari dira honi aurre egiteko.

Kasu batzuetan lana galtzeak agian konfinamenduak baino gehiago eragin diezaioke egoera psikologikoari, ezta?
Bai. Eta hori krisiaren ostean ikusiko dugu, orduan agertuko baita nori egin dion kalte egoera honek. Kaltetuak egongo dira, eta bajak eta zailtasun ekonomikoak ere bai. Estatuak eta botere publikoek samurtu edo txikiagotu egin dezakete inpaktu hori, baina bistan da halako gorabeherak izango direna. Gure gizartea hobeto prestatuta dago 2008ko krisian baino, eta ez naiz ari ikuspuntu psikiatrikotik, baizik eta orokorretik. Konfinamendua amaitutakoan ikusiko dugu nolako ondorioak datozen, bai osasunaren aldetik eta bai bestelako ikuspegietatik. Zalantza barik sorpresak izango dira.

«GURE GIZARTEA HOBETO PRESTATUTA DAGO 2008KO KRISIAN BAINO, ETA EZ NAIZ ARI IKUSPUNTU PSIKIATRIKOTIK, BAIZIK ETA OROKORRETIK»

Orduan, gaixotasun mentalak areagotu egin daitezke?
Bakardadeak, bakartuta geratzeak, lagunak galdu dituzula ikusteak, hil amaierara heltzeko lanak dituzula ikusteak… Horrek guztiak ondorioak izango ditu. Bistan da.

Beste elkarrizketaren batean esana duzu krisi hau aukera bat dela bestelako gauza batzuk egiteko; irakurtzeko eta kirola egiteko, adibidez. Gaixotasun mentalak dituztenen kasuan ere bai?
Bai, izan ere, badaude pazienteak sekulako konfiantza erakusten ari direnak beren buruarengan, eta beren emozioak erregulatzeko gaitasuna ere bai. Ikusten ari gara laguntzeko gai direla, elkarbizitza behar bezala izateko, eta animatuta daude. Horregatik diot krisiak garrantzitsuak direla aldaketak eragiteko. Aukerak dira, eta batzuk hobetu egiten dira. Atseden hartzeko aukera bat da, planak egiteko, irakurtzeko, inguruko lagunekin harremanetan jarraitzeko… Esan bezala, pazienteak sekulako erresilientzia erakusten ari dira. Askotan esan dut: nor da ausarta egoera honetan? Ausarta da beldurraren ur ekaiztsuetan sartzen ez dena, beldurrak gainditzeko gai dena, eta eraginkorra izatekoa. Hori da ausarta.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other