Nerea Aranburuk (Donostia, 1994) gaztetatik izan ditu bidelagun umorea eta antzerkia. Ogibidez, Gipuzkoako Osasun Mentaleko Sareko erizaina da, eta haurrekin nahiz helduekin egiten du lan. Bere denbora librean, berriz, umorearekin eta antzerkiarekin lotutako hainbat proiektutan aritzen da buru-belarri: Barrexerka taldean, esaterako. Adierazi du gozamenerako erabiltzen duela antzerkia, baina lanean ari dela ere umorea presente izaten saiatzen dela beti.
Zertan  zabiltza  orain?
Ikastolako  antzerki-taldean  hasi  nintzen,  eta  gaur  egun  antzerki-eskola  berean  jarraitzen  dut.  Antzezlan  bat  prestatua  genuen  baina,  noski,  konfinamenduaren  kontu  honekin,  ezin  izan  dugu  aurkeztu.  Bestalde,  Barrexerka  proiektuan  jarraitzen  dugu.  Momentu  honetan,  egoera  ikusita,  zehazten  ari  gara  zehazki  zer  egin.  Tira,  antzokiak  ireki  dituzte,  baina  modu  murriztuan,  eta  pentsatzen  ari  gara  nola  antolatu  gaitezkeen,  zer  egin  dezakegun  aurrera  jarraitzeko  baina  modu  egokian…  Eta  oraingoz  ez  dut  beste  proiekturik  esku  artean;  dena  den,  beti  nago  prest  agertzen  diren  gauza  guztietarako.
«ERABAKI DUGU AGERTOKIAK UZTEA ANTZERKIA OGIBIDE DUTEN HORIENTZAT»
Nolako  emanaldiak  egiten  dituzue?
Orain  arte,  uste  dut  lau  emanaldi  egin  ditugula  Barrexerkan,  eta  bakoitzean  esketx  eta  eszena  ugari  aurkeztu  ditugu,  bakarrizketez  osatuak.  Bira  txiki  bat  antolatu  genuen:  aurretik  egindako  esketxak  eta  antzezlanak  bildu,  eta  Gipuzkoako  eta  Bizkaiko  zenbait  herritan  aurkeztea  zen  gure  asmoa.  Baina  konfinamenduak  harrapatu  gintuen  bira  egiten  ari  ginela,  eta,  beraz,  ezin  izan  ginen  ailegatu  herri  batzuetara.  Orain  bideo  berriak  grabatzen  ari  gara,  ahal  dugun  moduan.
Eta  antzerki  taldean?
Ikastolako  antzerki-taldean,  antzerki-topaketetan  ematen  dugu  izena.  Garai  honetan  antolatzen  dituzte,  apiril  eta  ekain  bitartean.  Udalek  eskainitako  antzerki  topaketak  izaten  dira,  eta  urtero  egiten  dugu  emanaldi  bat  topaketan  aurkezteko.  Denetarik  egin  dugu:  Kutsidazu  bidea,  Ixabel,  film  bat  aukeratu  eta  antzerkirako  moldatu…  Aurten,  Brianen  bizitza  euskaratu  eta  antzerkirako  moldatzeko  asmoa  genuen,  adibidez.  Zer  egin  erabakitzeko  beti  hartzen  dugu  kontuan  zer  interesatzen  zaigun;  hori  bai,  beti  umoretik  eta  euskaraz  sortzen  dugu,  eta  moldatzen  eta  eguneratzen  saiatzen  gara,  emanaldia  geurea  egiten.  Baina,  normalean,  esan  bezala,  beste  film  bat  edo  beste  antzezlan  bat  hartu  eta  dena  delakoa  egiten  dugu  hori  moldatzeko.

«GAUZA GARAIKIDEAK TXERTATZEN SAIATZEN GARA, BAINA KLASIKOEK ERE FUNTZIONATZEN DUTE»
Ez  da  lan  samurra  izango  lana,  antzerkia  eta  umorea  uztartzea,  ezta?
Zaila  da,  baina,  aldi  berean,  erraza.  Zaila  da,  azken  finean,  denbora  eskatzen  duelako  eta  guk  ere  gure  lana  dugulako;  Barrexerkak  batez  ere,  guk  sortua  delako  eta  ordu  asko  eman  behar  dizkiogulako.  Ikastolako  antzerki-taldea  errazagoa  da,  astean  bi  orduz  entseatzen  dugulako  eta  kito.  Baina  izugarri  disfrutatzen  dugu,  eta  deskonektatzeko  balio  digu.  Agian  batzuek  kirola  egingo  dute  deskonektatzeko;  bada,  gure  kasuan,  umorea  eta  antzerkia  erabiltzen  ditugu  horretarako,  eta  dena  lagunartean  eta,  giro  onean  egiten  dugunez,  oso  eramangarria  da.  Beti  ez  da  erraza,  badira  momentu  zailak,  baina  alde  on  horrek  bultzatzen  zaitu  bide  horretan  jarraitzera.
Umorea  egiteak  eta  barre  eginarazteak  lan  handia  eskatzen  du?
Bai.  Noski  dela  zaila  umorea  egitea,  baina,  horrez  gain,  umorea  oso  aldakorra  da.  Beti  aritzen  gara  pentsatzen  zein  txiste  egin,  zein  neurritan…  Gauza  garaikideak  txertatzen  saiatzen  gara,  baina  klasikoek  ere  funtzionatzen  dute.  Horregatik,  jolastea  eta  proba  egitea  da  kontua,  beti  ez  asmatu  arren.  Barrexerkan  batzuetan  gertatzen  zaigu  uste  dugula  gauza  batek  izugarrizko  grazia  egingo  duela,  eta,  azkenean,  txorakeriarik  handienak  egiten  die  grazia  handien  ikusleei.
Lanean  saiatzen  al  zara  umorea  txertatzen?
Egin  beharreko  lanaren  arabera  da  hori.  Helduen  kasuan  zailagoa  da  umeekin  baino.  Umeekin  askoz  errazagoa  da;  beti  saiatzen  gara  umorea  txertatzen,  bai  ni  baita  lankideak  ere.  Nire  ustez,  umorean  lan  egin  edo  ez,  umoreak  gauzak  errazago  egiteko  aukera  ematen  du.  Umorearen  bitartez,  gehiago  konektatzen  duzu  umearekin,  eta  konexio  horrekin  errazago  egin  daiteke  lan,  politagoa  da,  eta  nik  uste  dut  umearengan  eragiten  duzun  erantzuna  ere  hobea  dela.  Antzerkitxoak  egiten  ditugu,  txiste  batzuk  bota,  ahots  desberdinekin  jolastu,  imitazioak  egin…  Umeak  berehala  sartzen  dira  mundu  horretan.
Ze  asmo  duzu  etorkizunera  begira?
Gu  oso  gogotsu  gaude.  Gertatzen  dena  da  Barrexerkaren  proiektua  eta  antzerki-taldearena  ez  dela  gure  ogibidea.  Horregatik,  erabaki  dugu  agertokiak  uztea  antzerkia  haien  ogibidea  den  horientzat,  eta  guk,  akaso,  orain  bertan  agertokiaren  munduan  pauso  bat  atzera  ematea,  aurrerago  izango  dugu  gauzak  egiteko  aukera  eta.  Gainera,  batez  ere  Barrexerkaren  kasuan,  sare  sozialen  bitartez  gauza  berriak  elkarbanatzeko  aukera  dugu,  eta  horrek  ikusgarritasuna  izaten  jarraitzeko  aukera  ematen  digu,  agertokira  igo  gabe.  Antzerki-taldearen  kasuan  zailagoa  da.  Irailerako  edo  urrirako  utziko  dugu  egindakoa,  eta  pixkanaka-pixkanaka  joango  gara  aurrera.  Disfrutatzeko  egiten  dugunez,  ez  dugu  inongo  arazorik,  eta  gauzak  ongi  egin  nahi  ditugu.

 


