Ana Santorcuato Bilbao medikua da Gurutzetako Ospitaleko Larrialdietako Zerbitzuan, eta berak eta Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIko hainbat profesionalek «Generoa eta osasuna» izeneko atal bat sortu dute erakundeko intranetean. Bertan, langileek baliabide ugari izango dituzte eskura genero-perspektiban sakontzeko.
Nondik  sortu  zen  ekimen  hau?
Tailer  batetik  sortu  zen.  Osakidetzak  deialdi  bat  egin  zuen  bortizkeria  sinbolikoari  buruz  2018an.  Ni  feminista  naiz;  parte  hartzeko  proposatu  zidaten,  eta  ikusi  nuen  interesgarria  zela.  Medicus  Mundik  landu  zuen  edukia,  eta  Irantzu  Varela  kazetaria  eta  feminista  izan  zen  dinamizatzailea.  ESI  honetako  bost  emakume  izan  ginen:  Margarita  Saenz  Herrero  psikiatra,  Rosa  Calvo  Martinez  familia-medikua,  Amaia  Apraiz  Zarandona  gizarte-langilea,  Rosa  Herrero  Simón  erizaina  —gerora  taldea  utzi  zuena—  eta  ni  neu.  Tailerra  oso  interesgarria  iruditu  zitzaigunez,  horko  edukiak  gure  ESIra  bideratzeko  beharra  ikusi  genuen.  Bilerak  egiten  hasi  ginen,  eta  lehen  ideia  izan  zen  bortizkeria  sinbolikoa  ezagutaraztea.  Horretarako,  bide  onena  intraneta  iruditu  zitzaigun;  lehenik  Elena  Uria  Etxebarria  eta  gero  Beatriz  Cubeiro  Lopez  Programa  Komunitarioen  gainbegiraleei  esker  Berrikuntza  gunean  aurkeztu  genuen  proposamena,  eta  onartu  egin  zuten.
Taldea oso txikia da, baina aberatsa eta diziplina anitzekoa. Genero ikuspegia txertatu nahi genuen osasungintzan, aldagai asko daudelako osasunean –maila sozioekonomikoa edo adina– baina generoak berebiziko garrantzia du, eta hori azaleratu nahi genuen. Uste dugu nahiko ahaztuta eta ezkutuan dagoela, eta, paradoxikoki, lege eta plan estrategiko gehienetan nahiko goian agertzen da. Esaterako, Osakidetzak 2019an aurkeztu zuen Genero indarkeriaren eta sexu erasoen aurrean nola jardun jakiteko gida, eta aurretik zegoena baino askoz hobea da. Ba profesional gehienek ez dakite erabiltzen, eta larria da, zeren, gida oso ona izan arren, ez baitute ezagutzen.
Zergatik  ez  dakite  erabiltzen?  Formazio-faltagatik?
Bai,  noski.  Bere  sasoian,  Osakidetzak  gida  aurkezteko  plan  bat  sortu  zuen,  baina  pandemia  zela  eta,  bertan  behera  utzi  zuten.  Kontua  da  nik  sakon  begiratu  nuela,  interesa  neukalako,  eta  orain  badakidala  erabiltzen,  baina  ez  daukat  formazio  espezifikorik  hori  erabiltzeko.  Gure  esparruan  saiatu  gara  genero-perspektiba  txertatzen.  Generoa  da  osasuna  azaltzeko  aldagai  esplikatibo  bat;  ez  da  bakarrik  kontu  biologiko  bat.  Gizarteak  gauza  desberdinak  eskatzen  dizkie  emakumeei  eta  gizonei.
«MAILA SOZIOEKONOMIKO ETA KULTURAL ALTUA DUTENEN ARTEAN ERE, EMAKUMEEN OSASUN MENTALA ASKOZ TXARRAGOA DA»
Gure intranetean hainbat eduki bildu ditugu: berdintasun politikek esaten dutena, Munduko Osasun Erakundeak dioena, Europako erakundeek diotena, Osakidetzako materialak… Adibidez, 2018ko EAEko Osasun Inkesta (EAEOI) ezinbestekoa da. Argazki bat da, gu nolakoak garen. Inkesta horretan ikusten da emakumeen osasunaren pertzepzioa txarragoa dela gizonena baino, nahiz eta bizi-itxaropena luzeagoa izan. Hau da: emakumeok gehiago bizi gara, eta sentitzen dugu txarrago bizi garela. Osasun mentalari dagokionez, berdin. Maila sozioekonomiko eta kultural altua dutenen artean ere, emakumeen osasun mentala askoz txarragoa da. Nik ikusiko banu gizarte batean talde batek arazoak dituela, estrategia bat bilatuko nuke arin. Oso larria da. Gainera, inkestak zaintza arloko datuak ere ematen ditu. Emakumeek ordu gehiago bideratzen dituzte zaintza lanetara. Hori badakigu. Harrigarriena zera da, maila ekonomikoa aztertuz gero emakumea zenbat eta aberatsagoa izan orduan eta zaintza lan gutxiago egiten dituela, baina gizonen kasuan, ez. Gizonen kasuan berdin dio maila ekonomikoak; beti egiten dituzte ordu gutxiago.
Baita  maila  ekonomiko  apalena  dutenek  ere?
Bai,  bai.  Oso  datu  argigarria  da.  Argazki  hori  ikusita,  badakigu  non  gauden.  Arazo  horrekin  zer  egin  behar  dugu?  Guk  proposatzen  dugu  osasungintzan  genero-ikuspuntua  sartzea.  Iruditzen  zaigu  premiazkoa  dela  sanitarioen  formakuntzan  txertatzea.  Sortu  dugun  intraneteko  sailaren  bidez,  emakume  bat  arazo  batekin  badatorkizu  erantzunak  aurki  ditzakezu.  Lehen,  halako  arazo  bat  goizaldeko  hiruretan  agertzen  bazitzaidan,  pentsatzen  nuen:  “Eta  orain  zer  egingo  dut,  polizia-etxera  deitu?,  gizarte  langileari?”.  Orain,  eskura  ipini  ditugun  edukietan  zerrenda  bat  dago  kontaktu  guztiekin.  Bertan  agertzen  dira  dauzkagun  baliabideak  eta  zertarako  balio  duten.

eta osasunaren binomioa lantzeari.
Genero  desberdintasunak  hobeto  ulertzeko,  gaixotasun  bera  duten  emakumeei  tratu  desberdina  ematen  zaie  gizonekin  alderatuta?
Hori  esateko  ebidentzia  zientifikoak  behar  ditugu.  Hori  ikerketen  bidez  lortzen  dugu,  baina  askotan  emakumeak  ez  daude  gizonak  beste  ordezkatuta.  Zenbait  ikerketatan,  unibertsoaren  %  30  edo  %  20  bakarrik  izan  dira.  Beraz,  informazio  gutxiago  dugu  emakumeei  buruz.  Kardiologian,  adibidez,  datuak  dauzkagu  esateko  emakumeengan  proportzio  txikiagoan  erabiltzen  direla  tratamendu  batzuk  patologia  beretan,  nahiz  eta  ikerketek  ez  berretsi  hala  egitea  (Espainiako  Kardiologia  Elkartearen  2008ko  «Emakumearen  gaixotasun  kardiobaskularrak,  Espainiako  egoeraren  ikerketa»).  Esaterako,  emakumeei  gutxiago  ematen  zaizkie  kolesterola  saihesteko  pastillak,  buruan  iltzatuta  daukagulako  emakumeek  bihotzetik  gutxiago  sufritzen  dutela.  Egia  da:  emakumeek  proportzio  txikiagoan  sufritzen  dituzte  bihotzekoak,  baina  babes  bera  eman  behar  zaie.  Kontua  da  ikerketa  gutxi  daudela  horri  buruz,  edo  ez  direla  diseinatzen  era  apropos  batean.  Emakumeei  ere  esan  behar  zaie  bihotzeko  arazoak  izan  ditzaketela  eta  sintomak  zein  diren  azaldu.  Neurtuta  dago  emakumeak  beranduago  joaten  direla  osasun-zentroetara,  eta  denbora  funtsezkoa  da  bihotzekoetan.  Ikerketa  horietarako  estekak  txertatu  ditugu  gure  «Generoa  eta  osasuna»  atalean.
Baliabide  gehiago  bideratu  behar  dira  genero-ikuspegia  txertatzeko  Osakidetzan?
Bai,  noski.  Nik  uste  dut  formakuntzan  zein  lan-arloan  norabide  horretan  egin  behar  dugula  aurrera.  Osakidetzak  ikus  dezake  nork  eskatzen  dituzten  zaintza-baimenak,  eta  hori  datu  objektibo  bat  da.  Zaintza-baimenak  eskatzen  dituztenek  profesionalki  hobetzeko  aukera  berak  dituzte?  Galdera  horrekin  gogoeta  asko  egin  daitezke.

 


