Osakidetzak programa bat atondu du COVID-19ak eragindako paziente, senide eta profesionalei laguntza psikologikoa emateko. Ospitaleetan nahiz anbulatorioetan jarri da martxan, eta osasun mentaleko profesionalek ematen dute zerbitzua.
Ez da batere samurra COVID-19aren aurkako borrokan lehen lerroan egotea, ez birusa duenarentzat, ez gaixoak sendatu nahi dituenarentzat, ez senidea kinka larrian ikusten duenarentzat. Oso egoera gogorrak dira, mingarriak, psikologikoki nekea eta estres handia eragiten dituenak. Euskal Herrian gaitzaren lehen kasuak atzeman zirenetik urtebete baino gehiago igaro eta gero, ezin uka daiteke bidaia neketsua eta astuna izaten ari dela. Larritasun horretaz jabetu ziren aspaldi Osakidetzan, eta, ondorioak leuntzeko, pazienteei, senideei eta profesionalei egoera psikologiko eta emozionala hobetzeko eta indartzeko arreta berezia eskaintzen diete, Laguntza emozionala izeneko programaren bitartez.
Programak bi esparru ditu: ospitalea eta anbulatorioa. Ospitalekoa COVID-19ak jotako pazienteentzako, senideentzako eta beraiekin lan egiten duten profesionalentzako laguntza da. Eta anbulatoriokoa, batetik, gaitza duten gaixoei eta haien senideei zuzendua da, hau da, ospitalizatuta ez dauden edo inoiz egon ez diren baina, halere, afektazio psikiko handia dutenei; eta bestetik, anbulatorioko eta lehen mailako arretako profesionalei ere bai. Alvaro Iruin Gipuzkoako Osasun Mentaleko Sareko zuzendari-gerenteak azaldu du hasieratik bazekitela noiz edo noiz beharrezkoa izango zela horrelako programa bat. Dioenez, COVID-19aren gaitzak osasun mentalean izan duen eragina lehen olatutik antzeman zen, baina eragina nabarmenagoa izan da hirugarren eta laugarren olatuetan. Langileek, adibidez, oso egoera zailean jardun dute, testuinguru gogorrean, eta horrek guztiak zuzen eragin die. «Bibliografian irakurrita geneukan laguntza emozionalaren beharra etorriko zela, eta hasieratik ikusi genuen lan handia egin beharko zela, batez ere lehenengo olatuan oso momentu latzak bizi izan genituelako: langileak erritmo bizian ari ziren lanean, jendea hil egiten zen, eta psikologikoki hori guztia onartzea kosta egiten da; gainera, baliabideak falta ziren, eta dena antolatu beharra zegoen».
«PROFESIONALAK  TALDE  TXIKIETAN  BATZEN  HASI  ZIREN  HASIERATIK,  ZITUZTEN  ARAZOEI  BURUZ  HITZ  EGITEN  ETA  ARAZO  HORIEI  NOLA  EGIN  AURRE  GOGOETATZEN»
Jose  Martin  Zurimendi
Hasieran,  profesionalak  talde  txikietan
Pandemiaren  hasiera  gogorra  gertutik  ikusi  zutenetako  beste  bat  Jose  Martin  Zurimendi  izan  zen,  Barrualde-Galdakaoko  ESIko  Psikiatriako  zerbitzuburua.  COVID-19aren  lehenbiziko  kasuak  Araban  atzeman  ziren,  eta  oso  denbora  gutxian  «indar  handiz»  ailegatu  zen  gaitza  Galdakao-Usansoloko  Ospitalera.  Zurimendik  gogoratzen  du  profesionalak  talde  txikietan  batzen  hasi  zirela,  eta  ariketak  egiten:  «Aireztatze  emozionala  esaten  dioguna  egiten  hasi  ziren,  zituzten  arazoen  gainean  berba  egiten  eta  arazo  horiei  nola  egin  aurre  gogoetatzen».  Horrez  gain,  «erlaxatzeko,  estresa  kontrolatzeko,  autozainketa  lantzeko  eta  mindfulness-ari  lotutako  hainbat  teknika  landu  zituzten».  Gerora,  beste  ospitale  batzuetan  ere  hasi  ziren  antzeko  ariketak  egiten.  Hori  ikusita,  gomendioak  eta  jarduerak  biltzen  zituzten  dokumentu  batzuk  ondu  eta  publiko  egin  zituzten,  gaixoek,  senideek,  zaintzaileek  nahiz  osasun-profesionalek  erabiltzeko.
Bigarren  olatuan,  aldaketak
Zurimendik  aldea  nabaritu  du  hasieratik  gaur  egunera.  Bere  esanetan,  hasieran  agerikoa  zen  norbera  kutsatzeko  beldurra,  baina  uda  aldean  dena  normalizatuz  joan  zen  eta  tentsioa  jaitsi  zen:  «Hainbat  ikerketa  egin  genituen,  eta,  besteak  beste,  ikusi  genuen  jendeak  ez  ziola  hainbesteko  beldurrik  bere  burua  kutsatzeari,  senideak  edo  ingurukoak  kutsatzeari  baizik.  Horregatik,  ospitaleak  lasaiago  egon  arren,  beste  olatu  bat  zetorrela  entzuten  genuenez,  martxan  jarri  ginen  berriro  ere».  Bere  ustez,  «bigarren  olatuan  presioa  igaro  da  lehen  mailako  arretan  izatetik  ospitaleetan  izatera».
«ESKU-HARTZEA  MUGATUA  IZAN  BEHAR  DA,  PUNTUALA,  BATEZ  ERE  ESPARRU  PSIKOLOGIKOAN  KOKATUA»
Alvaro  Iruin
Hasierako olatutik bigarrenera izandako aldaketez galdetuta, Iruinek nabarmendu du asistentzian gertatu dela aldaketarik handiena: «Lehen olatutik bigarrenera asistentziaren pisua aldatu da. Lehen olatuan, pandemiaren ondorioak ospitale-eremuan pairatu ziren gehienbat, gainezka egon zirelako. Horrela, jendea kontu handiagoz hasi zen osasun-sistemara joaten, kontu larriengatik baino ez, badaezpada, ez baitzegoen informazio askorik. Orain presio hori txikiagoa da; herritar gehiago erasanda daudenez, pertsona gehiago joaten dira familia medikuarengana. Beraz, aldaketa bat gertatu da: presioa gehiago handitu da osasun-zentro eta anbulatorioen eremuan».
Egoerara  egokitzeko  laguntza  puntuala  da
Sintomei  buruz  galdetuta,  Iruinek  nahiago  ditu  «aldarteari  lotutako  emozio»  gisa  izendatu:  nekea,  antsietatea,  larritasuna,  loari  lotutako  arazoak,  interes  falta…  Hortik  abiatuta,  berak  uste  du  hurrengo  pausoa  izan  behar  dela  autoebaluazio  eta  autoikaskuntzarako  formatuak  nola  diseinatu  pentsatzea,  nola  erantzun  horri,  nola  prestatu  jendea  eguneroko  bizimodurako.  Autozaintzari  buruzko  gidaliburu  dezente  argitaratu  dira,  baina  Iruinek  argi  utzi  nahi  du  hori  ez  dela  nahikoa:  «Horregatik  daukagu  oraindik  telefono-bidezko  laguntza,  betiere  bi  premisa  garrantzitsurekin:  batetik,  argi  izan  behar  dugu  laguntza  eskatzen  duten  profesionalak  ez  direla  paziente  psikiatrikoak,  zeren  oinarrian  soilik  gertatu  zaie  egoera  zail  bat  pasatzen  ari  direla  eta  kosta  egiten  zaiela  egoera  horretara  beren  kabuz  egokitzea;  eta  bestetik,  esku-hartze  mugatua  izan  behar  da,  puntuala,  eta  batez  ere  esparru  psikologikoan  kokatua,  oso  kasu  gutxitan  behar  izaten  baita  tratamendu  farmakologikoa».
Ezin  ahaztu  gazteak  eta  adinekoak
Zurimendik  gazteengan  eta  adinekoengan  jarri  nahi  izan  du  fokua:  «Gazteek  oso  gaizki  pasatu  dute.  Haientzat  ezinbestekoa  da  harremanak  izatea,  euren  pertsonalitatea  garatzeko  modu  bat  delako.  Gazteengan  patologia  batzuk  areagotu  egin  dira,  eta  beste  batzuk  jaitsi.  Droga  eta  alkohol  kontsumoak  gora  egin  du,  eta  bakarturik  egoteak  egoera  arazotsuak  sorrarazi  ditu,  etxekoen  artean,  esate  baterako.  Bestalde,  adinekoek  ere  oso  gaizki  pasatu  dute,  tristura  izan  dute,  eta,  batez  ere,  bakarrik  sentitu  dira».

 
 


