Barrualde-Galdakaoko ESIan, 2016ko maiatzean, Tik-Tak prestakuntza-bideoak egiteari ekin zioten Prestakuntza Zerbitzukoek. «TikTok sare-soziala atera baino lehen ere», esan du barrezka Izaskun Atutxa teknikariak. Begoña Atutxarekin, Nekane Segurolarekin eta Nerea Ingunzarekin batera osatzen du Prestakuntza Zerbitzua Izaskunek, eta langileen artean erreferentzia bihurtu direla uste du. Pandemian baliagarri egin zaizkie bideook langileei, eta arduradunak nabarmendu nahi izan du edozein langilek proposa dezakeela Tik-Tak bat.
Zer  da  Tik-Tak  prestakuntza?
Presentziala  ez  den  prestakuntza  da,  iraupen  laburreko  bideoekin  egindakoa.  2016ko  maiatzean  argitaratu  genuen  gure  intranetean  lehen  Tik-Taka.  Urte  horretan  jarri  zen  martxan  sistema  berri  hori  Barrualde-Galdakaoko  ESIan.  Langileek  eskaera  bat  egiten  dute,  eta  gidoia  ere  eurek  egiten  dute.  Guk  grabazioarekin  laguntzen  diegu.  Gehienez  bost  minutu  irauten  duten  bideo  laburrak  dira,  gai  zehatz  batzuei  erantzun  arin  bat  emateko  modu  erraz,  eroso,  arin  eta  erakargarri  batean.  Hizkuntza  bietan  egiten  ditugu.  Tik-Takak  grabatuta  daudenez,  errazago  ahalbidetzen  digu  hizkuntza  bietan  egitea.  Prestakuntza-saioetan  ere  euskararen  presentzia  gero  eta  handiagoa  dela  bermatzen  ari  gara.  Egiten  ditugun bideokonferentzietan  adibidez,  saiatzen  gara  hizlariak  euskaldunak  baldin  badira,  lehenik  saioa  euskaraz  egin  dezaten,  eta  ostean,  gaztelaniaz.  Saiatzen  gara,  eta  2019tik  aurrera,  lortzen  ari  gara.
Zer-nolako  gaiak  izaten  dira?
Bi  motatako  bideoak  izaten  dira.  Batzuei  tutorial  esaten  diegu,  eta  aurkezpen  antzera  egiten  dira.  Horiek  oro  har  aplikazio  informatikoei  buruzkoak  izaten  dira.  Besteei  edizio  bideoak  esaten  diegu.  Konplexutasun  handiagoa  duten  jarduerak  azaltzeko  balio  dute;  teknika  bat,  esaterako.  Gure  lehen  Tik-Taka  molndal-teknika  erakusteko  egin  genuen,  ebakuntzek  sortzen  duten  zauriak  sendatzeko.  Bideo  horiek  grabatzeko,  argazkilari  bat  daukagu,  Rafa  Ruiz  Lorenzo.  Guk  forma  ematen  laguntzen  dugu,  baina  berak  egiten  du  grabazioa.
Zergatik  hasi  zineten  Tik-Takak  egiten?  Hutsune  bat  ikusi  zenuten?
Bai.  Ikusi  zen  arazo  jakin  batzuei  erantzun  arin  bat  emateko  gai  izan  behar  genuela,  eta  azken  bi  urteotan  gora  egin  du  ekoizpenak.  Erantzuna  oso  ona  izan  da.  Iazko  eta  aurtengo  egoeraren  harira,  Tik-Tak  bat  prestatu  genuen  txertoa  erregistratzen  ikasteko,  eta  beste  bat  jartzen  erakusteko.  Pentsatu  eta  lau  egunera,  argitaratuta  zegoen.  Sekulako  abantaila  da;  bestela,  imajinatu  banaka  erakutsi  beharko  bagenu.  Horixe  da  orain  arte  gehien  ikusi  den  Tik-Taka,  PCR-eskaera  erregistratzen  irakasteko  egin  genuena.
«LANGILEEK IKUSTEN DUTENEAN HUTSEGITEREN BAT ERREPIKATZEN DELA, EUREK ESATEN DIGUTE TIK-TAK BATEAN AZALDU BEHARKO GENUKEELA»
Tik-tak guztiak Barrualde-Galdakaoko intranetean argitaratzen dira eta hemen daukazue horiek ikusteko esteka.
Jendeak  eskertzen  ditu?
Bai,  bai.  Orain  pare  bat  daukagu  egiteko.  Bata  peritoneoko  dialisiaren  aldaketa  zelan  egiten  den  erakusteko.  Langileek  ikusten  dutenean  hutsegiteren  bat  errepikatzen  dela,  eurek  esaten  digute  Tik-Tak  batean  azaldu  beharko  genukeela.  Jendea  oso  pozik  egoten  da,  ikusten  dutelako  sistema  bat  dela  jendearengana  erraz  heltzeko.
Zenbat  egin  dituzue  orain  arte?
30  inguru.

Igarri  duzue  bilakaera  bat  hasieratik  hona?
Bi  urte  hauetan  ikusi  dugu  pandemiaren  ondorioz  batu  ezin  ginenez,  oso  erantzun  ona  eman  diogula  egoerari.  Bizkortu  egin  da  prozesua  Tik-Takak  eskatzen  direnetik  egiten  diren  arte,  beharrizana  handitu  egin  delako.  Uste  dut  egoerak  bultzatu  duela  jendea  gure  bideoak  gehiago  ikustera:  «Hau  egin  behar  dut,  eta  begiratuko  dut  intranetean  zelan  egiten  den».  Erreferentzia  bihurtu  gara.  Aurten  sei  bideo  egin  ditugu  urtarrilean,  otsailean,  martxoan  eta  apirilean,  eta  beste  urte  batzuetan  sei  egin  ditugu  urte  osoan.  Alde  handia  dago.  Espainiako  kongresu  batean  erakutsi  genuen  proiektua,  eta  jende  askok  galdetu  zigun  Tik-Takei  buruz:  «Eta  hori  zelan  egiten  duzue?  Hain  erraz  grabatzen  dituzue?  Jendeak  nola  ikusten  ditu?».  Arrakasta  handia  izan  zuen.  Gure  intranetean  argitaratzen  ditugun  bakoitzean,  abisatu  egiten  diogu  jendeari  ikus  ditzan,  eta  gogorarazten  diogu  Tik-Tak  bat  egin  nahi  izanez  gero  guri  abisatzeko.
Batez  ere  erizainek  erabiltzen  dituzte?
Ez  haiek  bakarrik,  denek  erabiltzen  dituzte.  Erizainek  edizio-bideoak  direnean  erabiltzen  dituzte  asko,  teknika  berriak  zelan  egiten  diren  ikusteko  edo  patologia  batzuetan  ariketa  lagungarriak  nola  egin  ikasteko.
Langileak  etengabeko  formazioan  bizi  dira?
Bai,  beti  dabiltza  euren  buruak  formatzen.  Ikastaro  batzuk  presentzialak  dira  eta  beste  batzuk  bideokonferentzia  bidez  izaten  dira.  Garrantzitsua  da  nabarmentzea  Tik-Taken  kasuan  langileek  berek  egiten  dituztela.  Langileek  egiten  dute  eskaera,  eta  eurek  egiten  dute  gidoia,  daukaten  jakintza  hori  gainerakoekin  partekatzeko  helburuarekin.  Beharrizan  bat  dagoenean  egiten  dira,  eta  aurrerapauso  handia  da  hainbeste  jenderengana  hain  erraz  heltzea.
«LANGILEEK EGITEN DUTE ESKAERA, ETA EUREK EGITEN DUTE GIDOIA, DAUKATEN JAKINTZA HORI GAINERAKOEKIN PARTEKATZEKO HELBURUAREKIN»
Gure Erakundea oso sakabanatuta dago, kontuan izan 17 Lehen Mailako Unitate dauzkagula eta formakuntza emateko hamazazpi unitatetara joan behar ginela. Horregatik, 2016a baino urte pare bat lehenago hasi ginen bideokonferentzia bidezko saioak egiten, grabatzen eta gure intranetean argitaratzen.
Tik-Taken bidez, azalpen bakarra egitearekin nahikoa da. Egia da ez dela aurrez aurreko ikastaro baten kalitate berekoa; horregatik egiten ditugu oraindik ikastaro asko aurrez aurre, beharrezkoak direlako. Bateragarriak dira, eta Tik-Takak oso didaktikoak dira, arinak eta egiteko errazak.

 


