Enrique Peirok koordinatzaile dihardu Osakidetzan Osasun Publikoko eta Pazientearen Segurtasuneko Programetan. Alde horretatik, gertutik ezagutu ditu bronkiolitisaren eta gripearen eragina. Haren ustetan, gaixotasun horien zabalkundea «berrantolatzen» ari da koronabirusaren egoera normaldu ahala.
Bronkiolitisaren  eragina  hazi  egin  da  azken  hilabeteetan,  baina  zer  da  gaitz  hori?
Gaixotasun  infekzioso  bat  da,  arnasbideetako  birus  sintzitialak  eragindakoa.  Akutua  denean,  arnasteko  zailtasunak  eragiten  ditu  bronkioetan,  eta,  gehienbat,  haur  txikiei  eragiten  die;  batez  ere,  bi  urte  baino  gutxiago  dituztenei.  Pediatriako  adinean  direnen  ospitaleratzeen  arrazoi  nagusia  da.  Diagnostiko  klinikoa  izan  ohi  du,  eta  zenbait  arrisku  faktore  ditu:  esaterako,  haur  goiztiarra  izatea,  edo  aste  gutxikoa.  Ezaugarri  kronikoak  dituzten  prozesuek  ere  larriagotu  ahal  dute.  Halaber,  urtaroko  gaixotasuna  da;  hau  da,  gehiago  eragiten  du  urritik  martxora,  gripeak  bezalatsu.  Ohikoa  izaten  da  azaroan  eta  abenduan  goia  jotzea,  gripearen  aurretik.  Dena  den,  koronabirusak  aldatu  egin  du  hori  apur  bat.
Zergatik  du  eragin  handiagoa  haur  txikietan?
Faktore  bat  baino  gehiago  daude.  Alde  batetik,  haur  txikien  immunitate-sistema  ez  dago  erabat  garatuta.  Hori  izan  daiteke  arrazoietako  bat.  Bi  urtetik  beherako  haurrei  eragiten  die  gehienbat,  eta  sei  aste  baino  gutxiago  dutenetan  larriagoa  gerta  daiteke.  Horrek  zerikusia  izan  dezake  immunitate-sistemaren  lehia  ezarekin.  Gainera,  haurrak  gaixotasunen  transmititzaileak  izan  ohi  dira,  erlazionatzeko  duten  moduarengatik.  Ez  arnasbideko  birus  sintzitialaren  kasuan  soilik,  birus  infekzioso  askorekin  gertatzen  baita  hori.  Laburbilduz,  haurrengan  eragina  dute  adin  txikiak,  defentsa-sistema  osatu  gabeak  eta  erlazionatzeko  moduak.  Ez  dira  birusa  jasaten  duten  bakarrak,  baina  haurrei  larriago  eragin  ohi  die.
Zer  sintomatologia  du  bronkiolitisak?
Arnasa  hartzeko  zailtasuna  dago  oinarrian.  Hori  larria  izatea  saihestu  behar  da,  eta  arnasbidea  garbi  eduki.  Batzuetan,  oxigenoa  ere  eman  behar  izaten  da.  Horrez  gain,  eztula  eduki  dezakete,  muki-jarioa,  hotsak  arnastean…  Denetan,  arnasteko  zailtasuna  da  nabariena.
Arnasbidea  nola  jotzen  du?
Arnasa  gaizki  hartzen  dutenez,  haur  txikiak  nekatu  egiten  dira.  Ondoeza  sorrarazten  die.  Ez  ditu  denak  berdin  jotzen,  mailak  ditu  infekzioak,  baina  garrantzitsuena  beti  da  arnasketa  erraztea.
«HAURRAK GAIXOTASUNEN TRANSMITITZAILEAK DIRA. EZ ARNASBIDEKO BIRUS SINTZITIALAREN KASUAN SOILIK, BIRUS INFEKZIOSO ASKOREKIN GERTATZEN DA HORI»
Nolako  tratamendua  du  bronkiolitisak?
Oxigenoterapia,  batez  ere.  Aire-bidearen  iragazkortasuna  bermatzeko  neurria  da,  aireztatze  ona  bermatzeko.  Jarrera  ere  lantzen  da:  eroso  egon  behar  dute.  Goiko  arnasbideetako  jarioa  ere  xurgatu  behar  da,  eta  oxigenoa  eman.  Batzuetan,  fluxu  handietan  eman  ere,  potentzia  handiarekin.  Kasurik  larrienetan,  adrenalina  lainoztatua  erabili  ohi  da.  Azken  batean,  edozein  koadro  klinikoren  moduan,  maila  bat  baino  gehiago  ditu.  Batzuetan,  sintoma  orokorretan  geratzen  da:  eztula,  mukiak,  eta  abar.  Larritasuna  arnasteko  zailtasunaren  araberakoa  izaten  da,  horrek  osasunari  oro  har  eta  odolaren  oxigenazioari  eragiten  baitie.  Hala,  tratamendua  ere  arnasteko  zailtasunaren  araberakoa  izaten  da.
Bronkiolitisari  aurrea  har  dakioke?
Arnasbideetako  gainontzeko  birusetan  bezala,  higiene-neurriek  laguntzen  dute  bronkiolitisaren  kasuan  ere.  Eskuak  sarri  garbitzeak,  eztul  egitean  ahoa  estaltzeak,  erabilera  bakarreko  zapiek…  Oinarrizko  higieneak  laguntzen  du,  baita  maskarak  ere.  Pandemia  garaian,  zirkulazioen  ohiko  agerpena  aldatu  egin  da,  horrexegatik  hain  justu  ere.  Bronkiolitisa  eragiten  duen  arnasbideetako  birus  sintzitialaren  eta  gripea  eragiten  duen  influentza  birusen  zirkulazioa  murriztu  egin  da  azken  bi  sasoietan.  Orain,  ohiko  agerpena  itzuliko  da  gutxika-gutxika.  Azkenaldian,  igarri  da  bronkiolitis  nahiz  gripe  kasuak  igo  direla,  azken  bi  sasoiekin  alderatuta.  Gripearen  kasuan,  txertoa  da  prebenitzeko  beste  modu  bat,  baina  higieneari  dagozkionak  dira  oinarrizkoenak  transmisioa  eteteko  garaian.
Nola  daude  bronkiolitis  kasuak?
Esango  nuke  ohiko  zirkulazio-patroia  errekuperatzen  ari  dela  pixkanaka.  Karlos  III.a  Institutuko  datuen  arabera,  intzidentzia-tasa  100.000  lagunetik  700ekoa  baino  gehiagokoa  ere  izan  da  0  eta  14  urtekoen  artean.  Azken  urteetan  halakorik  ez  da  izan,  eta,  beraz,  birusen  zabalkundea  «berrantolatzen»  ari  dela  esan  daiteke.  Koronabirusaren  zirkulazioa  urriagoa  izaten  ari  da,  nahiz  eta  oraindik  badagoen,  baina  beste  birusen  zirkulazioa  lekua  hartzen  ari  da  berriro.  Ez  dira  ohiz  kanpoko  tasak,  baina  patroia  urtaroko  datuetara  itzultzen  ari  da  birus  sintzitialaren  eta  influentzaren  kasuan.
Nolako  aldea  dute  bronkiolitisak  eta  gripeak?
Bronkiolitisaren  kasuan,  kalte  larriena  adin  txikikoetan  gertatzen  da.  Gripeari  dagokionez,  larritasunik  handiena  adinduetan  izan  ohi  da.  Hori  da  alderik  nabarmenena.  Gero,  koadro  klinikoan,  bronkiolitisak  arnasteko  zailtasuna  du  ezaugarri  nagusi,  eta  gripea  ez  da  horren  espezifikoa:  sukar  handia,  buruko  mina,  giharretakoa,  neke  orokorra,  sintoma  digestiboak,  eta  abar.
Urrian  hasi  zen  gripearen  aurkako  txertatze  kanpaina.  Nolako  eragina  izaten  ari  da?
Gripea  ere  urtaroko  gaixotasuna  da,  eta  ohikoa  izaten  da  hura  azaldu  aurretik  arnas-bideko  beste  gaixotasun  batzuk  agertzea.  Oraindik  ez  da  iritsi  pandemiaren  aurreko  mailara.  Itxaron  egin  behar  da,  ea  datozen  asteetan  intzidentzia-maila  zenbateraino  iristen  den,  baina,  gaur-gaurkoz,  ez  da  lehengora  iristen.
Laburbilduko  zenuke  gripea  zer  den?
Bronkiolitisa  nola,  gripea  ere  gaixotasun  biriko  bat  da.  Infekziosoa  da,  influentza  birusaren  bidez  zabaltzen  dena.  Anglosaxoiek  flu  deitzen  diote,  hitza  silaba  bakarrera  ekarrita.  Jende  askok  sukar  handia  zuenean  (ondoeza  orokortua,  izerdia…)  eta  azalpen  argirik  ez  zutenean,  gure  arbasoek  izarren  eraginari  egozten  zioten:  influentziari,  alegia.  Birusaren  izenak  gaixotasunaren  jatorri  ezjakina  islatzen  du.  Gripea  oso  erraz  transmititzen  da;  urtarokoa  da,  eta,  lurreko  zein  hemisferiotan,  garai  batean  edo  bestean  eragingo  du;  gurean,  urritik  apirilera,  gutxi-gehiago.  Hemen,  urtarrilean  eragiten  du  gehienbat;  beraz,  areagotu  egingo  dela  espero  izatekoa  da.  Gripearen  birusak  hiru  multzo  handitan  banatzen  dira:  A,  B  eta  C.  A  multzokoak  eragiten  du  koadro  klinikorik  larriena.  Prebentzioari  dagokionez,  txertoa  da  eraginkorrena.  Urtero  berritzen  da,  eta  garrantzitsua  da  zaurgarrienak  urtero  txertatzea,  konposizio  eguneratua  duelako.  Gaixotasun  nekosoa  da,  baina  ez  du  zertan  larria  izan.  Arrisku-taldeek  —adinduek,  haurdun  daudenek  eta  gaixo  kronikoek—  zailtasunak  garatzeko  arrisku  handiagoa  dute,  eta  horietan  jarri  behar  da  arreta  handiagoa.

 


