Osakidetzaren Arrasateko Osasun Zentroak pauso garrantzitsua eman du osasun- eta gizarte-zerbitzuen esparruan, oraingoan, amaren esnea jasotzeko biltegi txiki bat jarrita. Biltegiari esker, errazagoa da orain Debagoieneko ESIan esnea ematea; izan ere, lehen aldia da ESI bateko osasun-zentro guztietan esnea jasotzeko aukera dagoena, eta helburu nagusi bat du: ama-esnea behar duten haurren elikadura eta osasuna hobetzea.
Arrasateko anbulatorioan dago biltegia, eta ESIko beste zentroetako emaginek –Bergara, Leintz eta Oñatikoek– esnea jaso eta Arrasateko izozkailura eramaten dute. Ondoren, jasotako esneak izozkailu horretatik Galdakaoko Esne Bankura eramaten dituzte, eta bertan prozesatzen dituzte haur jaioberrientzat.
Haur jaioberrien osasuna lehentasun duen gizarte batean, esne-bankua garrantzi handiko zerbitzua da. Alde horretatik, Arrasateko Osasun Zentroa eredu izan daiteke beste herrialde eta erkidego askorentzat, osasun-sistema publiko eta pribatuen bidez osasun-arreta integrala eta kalitatezkoa sustatzeko.
Esne-bankua gune bat da, non ama-esnea bildu, biltegiratu eta banatzen den, ama biologikoaren esnerik hartu ezin duten edo behar adina ez duten haurrek ere onura jaso dezaten. Hainbat ikerketak erakutsi dutenez, ama-esneak haurraren immunitatea sendotzen laguntzen du, eta gaixotasun infekziosoak saihesteko gaitasun berezia dauka. Horrez gain, batez ere goiz jaiotako haurren artean, hesteetako, arnasbideetako eta beste organo-sistemetako gaixotasunak prebenitzen laguntzen du.
«ARRASATEKO OSASUN ZENTROAN ESNEA JASOTZEKO AUKERA ZABALDU ZENETIK, EMAILEEN KOPURUAK GORAKADA HANDIA IZAN DU»
Arrasateko Osasun Zentroan esnea jasotzeko aukera zabaldu zenetik, emaileen kopuruak gorakada handia izan du. 2022ko urtarrilean hasi zen lehenengo esne-emailea eta 2023ko urrira arte lau emaile aritu ziren. Debagoienean jasotzen hasi zirenean, beste bost emakume gehitu ziren.
Dena den, nahiz eta emaile-kopuruak gora egin duen urte hauetan, funtsezkoa da emaile berriak izatea; zenbat eta gehiago egon, hobe. Goiz jaiotzen diren umeentzat «altxor» bat bezalakoa baita, horrela adierazi du Mirari Bikuñak, Oñatiko Osasun Zentroko emaginak. «Ama-esnerik gabe elikatuz gero, askoz arrisku handiagoa dago gaixotasunak hartzeko; horien artean, enterokolitis nekrosatzaile delakoa», esan du Ane Guillok, Arrasateko Osasun Zentroko beste emaginak.
Pauso  txiki,  onura  handi
Norbaitek  pauso  hori  eman  nahiko  balu,  kontaktuan  jarri  beharko  luke  esne-bankuarekin.  Lehenik,  elkarrizketa  baten  bitartez,  osasun-arazorik  ote  dagoen  aztertzeko.  Odol-analisiak  ere  beharrezkoak  dira  gaixotasunik  dagoen  ikusteko.  Baiezkoa  emanda  eta  arazorik  ez  dagoela  ikusita,  prozesua  abian  jartzen  da.  Emaile  izatean,  hiru  hilabetean  behin  errepikatzen  dira  analisiak.  Hasierako  materiala  Galdakaoko  Esne  Bankuan  ematen  dute.  Ondoren,  emaginek  ematen  dute  behar  den  materiala:  esnea  jasotzeko  potoak,  garraiorako  hozkailua…  Horrez  gain,  erditze-aurreko  saioetan,  kontsultetan  eta  edoskitze-tailerretan  emaginek  informazioa  helarazten  dute  esne-bankuaren  aukera  badagoela.  «Beraz,  emakume  batek  egiten  duen  ahalegina  eta  ematen  duen  denbora  ikusita,  esne  hori  emateko  prest  badago,  emaginok  egin  dezakegun  bakarra  lan  hori  erraztea  da,  eta  benetako  meritua  emaileek  dute»,  gaineratu  du  Bikuñak.
Debagoieneko Osasun Zentroko kideek badakite esne-bankuaren funtzionamendua arrakastatsua izan dadin beharrezkoa dela herritarren laguntza eta konpromisoa. «Fokua batez ere emaileetan jarriko nuke; izan ere, portzentaje handi batek, bere seme-alabek arazoren bat izan duten kasuetan jasotako tratu ona ikusita, esker onez eman izan du esnea» adierazi du Guillok.
«AMA-ESNEAK HAURRAREN IMMUNITATEA SENDOTZEN LAGUNTZEN DU, ETA GAIXOTASUN INFEKZIOSOAK SAIHESTEKO GAITASUN BEREZIA DAUKA»
«Izan genuen lehen emailea, adibidez, doluan zegoen. Umea haurdunaldiaren bukaeran galdu zuen, eta, doluan laguntzeko, esnea ekartzea eskaini zioten». Beraz, keinu atsegin eta polita izateaz gain, dolua egiteko ere balio izan du.
Esnea  jasotzeko  aukeren  zabalkuntza
Gaur  egun,  hamaika  puntu  daude  prest  erkidegoan  ama-esnearen  dohaintzak  jasotzeko,  baina  Arrasateko  Osasun  Zentroan  abian  jarri  den  eredua  beste  edozein  anbulatoriotan  bultzatzeko  nahia  dute  bi  emaginek:  «Orain  dela  gutxi,  Eibarko  emaginak  kontaktuan  jarri  ziren  gure  gainbegiralearekin  nola  antolatzen  garen  galdetzeko,  eta  gustatuko  litzaiguke  hori  aurrera  ateratzea».
Arrasaten esnea jasotzeko aukera izatea ez da bakarrik ama-esnearen bidez haurrei ongizatea eskaintzea, gizartearen elkartasuna eta osasunarekiko konpromisoa ere sustatzen ditu. Biltegiak aukera eman dio Arrasateko Osasun Zentroari osasun-zerbitzuak hobetzeko eta berritzeko, herritarren osasuna eta ongizatea are gehiago sustatzeko eta batez ere, etorkizunera begira, indartsuago eta osasuntsuagoa izango den belaunaldi bat sortzeko.

 
 


