Osakidetzako Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIko Berdintasun Batzordeak antolaturik, kontzentrazio batekin hasi zuten Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna, azaroaren 25ean. Ondoren, Garaitza eta Bizitu elkarteetako hiru kide, Carmen Escudero, Marga Aguilar eta Ana Maria Presas, jardunaldi batean aritu ziren beren testigantza pertsonaletatik abiatuta, jasan duten indarkeria matxistaren berri ematen.
Adarraren soinuak isilarazi zuen Osakidetzako Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko areto nagusia, eta zirrara berezia sorrarazi zuen. Krisi garaian batzarrak deitzeko eta garaiko gizarte larrialdi handienei aurre egiteko premia sinbolizatu izan du historikoki deiadar adarrak. Hori dela eta, tresna hori baliatu nahi izan zuen Teresa Rosa Calvo Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIko berdintasun erreferenteak azaroaren 25ean, aldaketarako deia egiteko, eta azpimarratu zuen ezkutatuta dagoena ikusi behar dela, “adi egon behar dugu eta osasun arloko profesionalok egoera horien detekziorako begiak zabalik izan behar ditugu”. Berdintasun Batzordeak antolatutako ekitaldian indarkeria matxistari aurre egin dioten hainbat lagun elkartu ziren beren testigantza emateko: Carmen Escudero, Garaitza elkarteko zuzendaria, eta Ana Maria Presas eta Marga Aguilar Bizitu elkarteko kideak. Osakidetzak antolatutako Zeharkatzen zaituen isiltasuna jardunaldian hartu zuten parte hiru hizlariek, eta haurtzarotik hirugarren adinera, matxismoak emakume askoren bizitza zeharkatzen eta markatzen duela eta askotariko formak hartzen dituela nabarmendu zuten. Hala, beren bizipen gogorrak eta gogoeta sakonak eman zituzten ezagutzera. Calvok argi utzi zuen hasieratik helburua: «gaur ez gatoz entzutera bakarrik, konpromisoa hartzera gatoz; izan ere, isiltasuna bera indarkeria da, eta hori haustea gure erantzukizuna da».
«ARRETA  PSIKOLOGIKOA  BEHARREZKOA  DA  PROZESUAREN  HASIERAN,  HITZ  EGIN  ETA  AMORRUA  ZEIN  MINA  ATERATZEKO  ESPAZIOA  BAITA»  Marga  Aguilar,
Bizitu  elkarteko  kidea
Hautsitako  gaztaroak,  isildutako  ahotsak
Garaitza  elkarteko  zuzendariak,  Carmen  Escuderok,  haurren  aurkako  sexu  abusuei  buruzko  testigantza  urratzaile  batekin  hasi  zuen  mahai-inguruko  lehen  esku-hartzea.  «Lau  neskatilatik  batek  eta  zazpi  mutikotik  batek  sexu-abusuak  jasaten  dituzte  haurtzaroan»,  jakinarazi  zuen  Escuderok,  aretoa  hunkituta  utziz.  Datu  hori  ez  da  zifra  huts  bat  soilik;  minak  markatutako  milaka  haurtzaroren  isla  da,  sarritan  beldurrak,  lotsak  eta  sinesgogortasunak  isilarazitako  milaka  haurren  egoera  krudela.  Escuderok  ahots  dardartiarekin  hitz  egin  zuen,  bere  bizipen  propioetatik  abiatuta  eta  elkartean  ikusi  eta  entzundako  hainbat  esperientziatan  oinarrituta.  Hizlariak  nabarmendu  zuen  biktimak,  askotan,  ez  direla  gai  bizi  dutena  abusutzat  identifikatzeko,  erasotzaileen  manipulazio  emozionala  dela  eta.  «Haurra  nahastuta  hazten  da,  gertatu  zaion  horri  izenik  jarri  ezinik»,  azaldu  zuen.  Biktimen  %  48k,  gainera,  ez  du  gertatutakoa  gogoratzen,  baina  sintoma  fisiko  zein  mentalen  bidez  azaleratzen  dira  eraso  eta  abusu  horiek.  Tripako  minak,  eskola-porrota,  gehiegizko  bikaintasunaren  bilaketa,  umore  aldaketak  eta  abar  dira  sintoma  horietako  batzuk.  Escuderoren  ustez,  indarkeria  hori  desagerrarazteko  lehen  urratsa  adingabeak  heztea  da,  «ez»  esateko  eta  zerbait  ondo  ez  dagoenean  laguntza  eskatzeko  eskubidea  dutela  jakin  eta  ikas  dezaten.
Ekintza kolektiborako deia eginez amaitu zuen Escuderok, eta arazoa ikusaraztea eta laguntza sareak sortzea «oso garrantzitsua» dela azpimarratu zuen. «Entzungo duen, babestuko duen eta jardungo duen gizarte bat behar dugu», nabarmendu zuen, eta eredutzat jarri zuen Garaitza elkartea. Izan ere, haurtzaroan sexu abusuak eta tratu txarrak jasan zituzten helduei laguntza eta orientazioa eskaintzen die elkarte horrek.

«Atea  irekita  zuen  kaiola  batean  bizi  nintzen»
«Maitasun  erromantikoa  zer  den  erakutsi  ziguten,  mina  maitasunaren  osagai  gisa  justifikatzen».  Horrela  ekin  zion  Marga  Aguilarrek  jardunaldiko  bigarren  hitzaldiari.  Berrogei  urtez  indarkeria  matxistaren  biktima  izan  zen  Aguilar,  bizirik  iraun  zuen,  eta  Bizitu  elkarteko  kidea  da  gaur  egun.  «Kaiola  batean  bizi  izan  nintzen,  atea  irekita,  baina  ez  nekien  nola  irten»,  aitortu  zuen  Aguilarrek  bikote  ohiarekin  bizitako  esperientzia  mahai  gainean  jarriz.  «Beldurrak,  lotsak  eta  erruak  kateatuta  nindukaten»,  gehitu  zuen.  Ildo  beretik,  kontrolerako,  manipulazio  emozionalerako  eta  isolamendurako  dinamikak  arma  ikusezinak  direla  nabarmendu  zuen.  «Sistema  patriarkalak  normalizatu  egiten  du  emakumeen  sakrifizioa  maitasunaren  izenean,  eta  horrek  berak  sostengatzen  du  indarkeria  matxista».
«EZKUTATUTA  DAGOENA  IKUSI  BEHAR  DA,  ADI  EGON  BEHAR  DUGU  ETA  OSASUN  ARLOKO  PROFESIONALOK  EGOERA  HORIEN  DETEKZIORAKO  BEGIAK  ZABALIK  IZAN  BEHAR  DITUGU»,  Teresa  Rosa  Calvo,
berdintasun  erreferentea
Bizitu Elkarteak genero indarkeria bizi izan duten emakumeentzako espazio seguru bat eskaintzen du eta ikuspegi feministatik eta komunitariotik egiten du lan, laguntza emozionala eta baliabide praktikoak emanez. «Hemen, elkar zaintzen dugu, epaitu gabe elkar entzuten dugu eta ez gaudela bakarrik ikasten dugu», azaldu zuen. Kaiolatik ihes egiteko unean Aguilarrek elkarte horretara jo zuen, eta orain, horrelako egoeretatik irteteko laguntza eskaintzen die beste emakume batzuei. Norberaren etxe barruan gertatzen dena isildu egiten dela dio Aguilarrek, eta, ondorioz, zulotik irtetea gero eta zailagoa bihurtzen dela. «Hori dela eta, laguntza psikologikoa ezinbestekoa da. Egoera horretan dauden emakumeek “zu ez zara erruduna” entzuteko premia bizia dute». Era berean, errespetua eta berdintasuna oinarri bezala hartuz ondorengoak feminismoan heztea “oso garrantzitsua” dela azpimarratu zuen.
«Adineko  pertsonentzat  ahalduntzeaz  hitz  egitea  utopia  bat  da»
1978ko  Konstituzioan  jaso  zen  lehenengoz  idatziz  gizon  eta  emakumeen  arteko  berdintasuna,  bai  eta  duintasunerako  eskubidea  ere.  Ana  Maria  Presas  Bizitu  elkarteko  kidea  da,  62  urte  ditu  eta  indarkeria  matxista  jasan  izan  du  hainbat  urtez.  Testuinguru  historikoaz  hitz  eginez  hasi  zuen  bere  hitzaldia,  eta  iragana  ulertzea  garrantzitsua  dela  adierazi  zuen,  gaur  egungo  gizartearen  oinarri  delako.  Ondoren,  adineko  pertsonengan  jarri  zuen  fokua:  «Prekarietateak  eta  sakrifizioak  markatutako  bizitza  baten  ondoren,  askok  sentitzen  dute  berandu  dela  berriro  hasteko,  baina  inoiz  ez  da  berandu».  Adineko  pertsonak  ikusezinak  dira  Presasen  aburuz  eta  patriarkatuak  guztiz  baldintzatu  ditu  emakume  belaunaldi  asko  eta  asko,  «mendekotasunezko  rolen  pean  jarri  dituelako».  Isilik  egoteko  heziak  izan  direnez,  Presasek  nabarmendu  zuen  zaila  dela  adineko  emakumeek  hainbat  urtez  izan  duten  bizimodu  hori  alde  batera  uztea  eta  aurrerako  urratsa  ematea;  «erronka  izugarria  da,  pentsaezina  askorentzat».
Bizitu elkarteak laguntza emozionala eta bidelagun izateko babes pertsonalizatua eskaintzen dizkie nortasuna berreraikitzen ahalegintzen ari diren emakumeei. Alde horretatik, adinez nagusia izan arren, kateak apurtzea posible dela azpimarratu zuen Presasek, eta pedagogia zabal baten beharra aipatu zuen. «Garrantzitsuena da bidean inor bakarrik ez sentitzea».

 


