Izaskun Arriaran Mendialdua, erizaina bera Osakidetzako Debagoieneko Ospitalean, errekonozitua izan da zauriak zaintzen egindako lanagatik eta osasun-arretarekin hartutako konpromisoagatik. Duela gutxi saritu zuten JWC Awardsen 2025eko sarietan, antimikrobianoen kudeaketako kategorian. Journal of Wound Care aldizkariak antolatzen ditu sariak, eta aitortzen du nork lortu dituen praktikarik onenak berrikuntzaren, ikerketa klinikoaren eta zauriak zaintzearen arloan.
Sortu zirenetik, urteroko hitzordu bihurtu dira sariok ikertzaileentzat, klinikoentzat, diziplina anitzeko taldeentzat eta pazienteen bizi-kalitatea hobetzen lan egiten duten enpresentzat. JWC Awards sarien helburua da bikaintasuna nabarmendu eta sustatzea zauriak zaintzearen arloan.
Arriaran, ospitalean ez ezik, nazioarteko lankidetza-jardueretan ere aritzen da: erizain joan izan da erreskate-misioetan, Aita Mari izeneko itsasontzian. Salbamendurako bihurtutako arrantza-ontzi zaharra da, Itsas Salbamendu Humanitarioa GKEak darabilena. Misio horietan, arreta medikoa eman die Mediterraneo itsasoan dauden errefuxiatuei, eta engaiamendu handia erakutsi du giza eskubideekin eta laguntza humanitarioarekin. Osasun-arloko profesionalen lanaren garrantzia norainokoa den erakutsi du bere dedikazio eta eginahalarekin; eta horregatik ere aitortu diote JWC Awards saria, hau da, zauriak zaintzen eta antimikrobianoen administrazio arduratsuan aurrerapenak egiteagatik.
Zer sentitu zenuen jakitean irabazi egin zenuela antimikrobianoen kudeaketako saria?
Hasiera batean ez nuen sinetsi; izan ere, horrelako erakunde txiki bat Londresera arte iristea inpaktu handiko gauza da. Ondoren, izugarrizko poza, noski. Nire lana hasieran beste helburu batekin egin zen, kongresu baterako pentsatuta baitzegoen. Baina lana pixka bat moldatu eta, lehen aipatu bezala, pazienteen bizi-kalitatean enfokatu nuen: zauri baten bilakaera onak zer-nolako onurak ekar ditzakeen jendearen bizi-kalitatean. Izan ere, askotan ez gara kontziente izaten horretaz: zenbateraino mugatzen duen zauri batek norbaiten bizitza; adibidez: ezin dela dutxatu edo ezin dituela zenbait jarduera egin, hondartzara joan…
Zer proiektu edo ekimen izan zen zure sarirako hautagaitzaren oinarria?
Zehazki, zauri baten bilakaera onak zelan lor dezakeen paziente baten bizi-kalitatea hobetzea.
Nolakoa izan zen JWC Awards sarietarako izendapen eta hautaketa-prozesua?
Lan bat ezarri ziguten, eta lan horri aldaketa batzuk egin genizkion, beraiek eskatzen zituzten oinarrietara moldatuz. Ondoren, aurkeztu egin genuen, eta finalistak ginela komunikatu ziguten. Gero, Londresera abiatu, eta brontzezko sariarekin bueltatu ginen etxera.
«DENBORA LUZEAN HANKETAN ZAURIAK IZAN ZITUEN PAZIENTE BATEKIN HASI NINTZEN. MOMENTU HARTAN IKASI NUEN ZENBAIT PAUTA ALDATUZ ZAURIAK NOLA ITXI»
Nola hasi zinen zauriak zaintzen espezializatutako erizaintzan?
Denbora luzean hanketan zauriak izan zituen paziente batekin hasi nintzen. Momentu hartan ikasi nuen zenbait pauta aldatuz zauriak nola itxi. Ondoren, mundu horrekiko interesa piztu zitzaidan, eta gaian sakontzen hasi nintzen. Ikastaro batzuk egin nituen. Pixkanaka, gauza berriak ikasten hasi nintzen, eta gero eta gehiago gustatu zitzaidan. Denbora librea nuenean hasi nintzen, nire lana bainuen barne-medikuntzako sailean. Denbora librean, pazienteak ikusten nituen (nolako zauriak zituzten, nolako konplexutasuna zuten, erizainek nolako zailtasunak zituzten…), eta horrela hasi nintzen sendaketa-lanetan trebatzen. Poliki-poliki, bertan lan egiteko beharra sortu zen, eta orduko Erizaintzako zuzendariak apustua egin zuen kontsulta bat zabaltzeko, baita gaur egun dugunak ere, eta horrela gaur arte. Oraindik ere ikasten jarraitzen dut; izan ere, orain dela gutxi, beste pare bat ikastaro egin dut Madrilen, eta master bat amaitzear nago Bartzelonan.
Zerk bultzatu zintuen antimikrobianoak erabiltzera?
Azken finean, antimikrobianoak zauri bat sendatzearen parte dira; hau da, gehienetan beharrezkoak dira zauriak sendatzeko. Batez ere, niri heltzen zaizkidan zaurietan, denbora luzez zabalik egon direnetan hain zuzen. Askotan, infektatuta egon ez arren, kutsatuta egoten dira zauriak, edo mikroorganismoak egoten dira, zauria sendatzen eta ixten uzten ez dutenak; beraz, ezinbestekoak dira antimikrobianoak.
Zer da oinarrizkoa zaurietako infekzioen prebentzioan?
Garbiketa azpimarratuko nuke, dudarik gabe, baina ez produktuak, baizik eta zauria ahalik eta ondoen garbitzea. Kontuan hartu behar da gorputzaren zein parte den, baina beti-beti garbitu behar da ahalik eta ondoen inguruko azala eta gero zauria bera. Hori da oinarria zauri baten infekzioa prebenitzeko. Eta batzuetan, garbiketaz gain, hildako azala edo bakterioek sortzen duten azal hori kendu egin behar da bisturi batekin, zauria ondo garbitzen uzten ez dutelako.
Sari hauek egiten duzuen lana ikusarazten laguntzen dutela uste duzu?
Ikustarazten baino, batez ere, lanean aurrera jarraitzen laguntzen dute, eta motibatzen dute asko ikasten jarraitzeko —produktu berri asko ateratzen baitira, adibidez— eta ikerketan eta kongresuetan lanok garatzeko. Gainera, horrelako sarietara joanda, parada izaten da jende gehiago ezagutzeko, bai eta jende horrengandik eta ezagutzetatik ikasteko ere.
Nolako garrantzia du errekonozimendu horrek zuretzat eta Debagoieneko Ospitaleko zure taldearentzat?
Garrantzia kendu nahi izan nion; ez nuen nahi oso publikoa izaterik, ez zaizkidalako horrelako gauzak gustatzen. Gehienbat lanean jarraitzeko motibazioa eta ilusioa azpimarratuko nuke. Azkenean, gogo handiagoarekin joaten zara lanera zure lana errekonozitua ikustean.