Osakidetzan euskara hizkuntza lehenetsi gisa hautatu duten herritarrek e ikurra eramango dute aurrerantzean ospitaleko identifikazio-eskumuturrekoan. Ekimen honekin, paziente euskaldunak haien hizkuntzan artatzea erraztu nahi da, komunikazioa hobetzeko eta kalitatezko arreta bermatzeko.
Osakidetzak urrats sinboliko bezain praktikoa eman du. Ospitaleratuak izanez gero, euskaraz komunikatzea lehenetsi duten pazienteek e ikurra eramango dute eskumuturrean. Neurria martxan da dagoeneko, eta osasun-sistema publikoan orain arte euskara lehenetsi duten 370.000 herritarrengan du eragina. Paziente horiek, ospitaleko Onarpen zerbitzuetara edo Larrialdietara heltzen direnetik alta jasotzen duten arte, euskararen lehentasuna erakusten dute, eskumuturrekoan grabatutako e letraren bitartez. Era horretara, profesionalek berehala identifikatu ahalko dituzte harremanak euskaraz nahiago dituzten pazienteak, eta arreta pertsonalizatua eta egokiagoa eskaini ahalko diete. Xehetasun txikia iruditu arren, keinu sinboliko hau komunikazioa hobetzeko eta hurbiltasuna areagotzeko abiapuntua izan daiteke askorentzat.
EGITASMOA MARTXAN DA DAGOENEKO, ETA OSASUN-SISTEMA PUBLIKOAN ORAIN ARTE EUSKARA LEHENETSI DUTEN 370.000 HERRITARRENGAN DU ERAGINA.
Identifikazio-eskumuturrekoa elementu ikusgarria da ospitaleetan, pazienteek barruko egonaldi osoan agerian edukitzen dute eta. Denei jartzen zaie ospitaleratu bezain laster, eta ez zaie kentzen alta eman arte. Faktore horrek pisu handia izan du e ikurra sartzea erabakitzean; izan ere, eskumuturrekoan norberaren datu pertsonalik behinenak jasotzen dira (izen-abizenak, jaioteguna, historia klinikoaren kodea…), eta hizkuntza pazientearen funtsezko ezaugarri pertsonala izanik, hizkuntza ere ikusgai jartzea erabaki zen.
NOR BERE HIZKUNTZAN ARTATZEAK ASISTENTZIAREN KALITATEA HOBETZEN DU
Bai Osakidetzarentzat, bai Osasun Sailarentzat, egoera ahulean dauden pazienteekin beraien hizkuntza erabiltzeak segurtasun- eta konfiantza-espazio bat sortu eta asistentziaren kalitatea hobetzen du. Areago, kasu batzuetan hizkuntza erabakigarria izaten da diagnostiko egokia egiteko, eta badira horri buruzko ebidentziak eta ikerlanak mundu osoan.
PAZIENTE EUSKALDUNEN IDENTIFIKAZIOA, GARATZEN DOAN EGITASMOA
Osakidetzak hamarkada bat darama herritar bakoitzak osasun-sisteman jarduteko lehenesten duen hizkuntza erregistratzen. Osasun-zentroetako administrazio-eremuan jaso ohi da datua, baina pazienteak berak ere erregistra dezake, Osasun Karpetan, datu pertsonalen atalean. Behin erregistraturik dagoela, profesionalaren agendan, pazientearen fitxan edota kontsultarteko bolante medikoetan e ikurra agertzen da pertsonaren izenaren alboan. Ondorioz, osasun-langileek erraz ikusten dute pazienteak euskaraz nahiago duela. Horren jakitun izateko, ordea, Osakidetzak azalpen- eta sentsibilizazio-kanpainak egin ditu, profesionalek e ikurraren esanahia ezagutu eta, ikusiz gero, nola jokatu behar duten jakin dezaten.
PROFESIONALEK BEREHALA IDENTIFIKATU AHALKO DITUZTE HARREMANAK EUSKARAZ NAHIAGO DITUZTEN PAZIENTEAK, ETA ARRETA PERTSONALIZATUA ETA EGOKIAGOA ESKAINI AHALKO DIETE.
Paziente euskaldunen identifikazio-sistema ez da itxia; garatzen doan egitasmoa da. Eskumuturrekoa da horren seinale. Proiektua profesionalen ideiak eta lankidetza sustatzen dituen Parte Hartu programa korporatiboan aurkeztu zen, ekimen onenen artean hautatu zuten eta gauzaturik dago gaur egun. Gainera, ez da baztertzen etorkizunean beste eremu edo euskarri batzuetara zabaltzea.
ERABILERA AKTIBOA HELBURU
Eskumuturrekoetako e ikurra urrats garrantzitsua da; pazientearen hizkuntza-aukera ikusarazten eta euskara erabiltzeko aukerak areagotzen ditu. Hala ere, lanean jarraitu beharra dago erabilera aktiboa bultzatzen. Pazienteei lehen hitza beti euskaraz esatea da helburua, haren hizkuntza detektatu eta osasun-arreta hizkuntza horretan emateko, kalitatezko arreta pazientearen hizkuntzan bermatzen baita.