agenda » azaroa | HARPIDETU BULETINERA

“Euskalduna naiz, euskaraz bizi naiz eta pazienteei euskaraz bizitzen laguntzen diet”

Sara Lizeaga • Osakidetzako traumatologoa, Donostialdeko ESIan

Sara Lizeaga Osakidetzako traumatologoa da Donostiako Unibertsitate Ospitalean, eta hasieratik aritu da boluntario Itzulbide proiektuan. Testu klinikoetan espezializatutako itzultzaile neuronala da Itzulbide, eta batik bat euskaratik gaztelerara itzultzen du historia klinikoaren sistema informatikoan. Une honetan pilotaje fasean dago Donostialdeko ESIan.

Itzulbidek ahalbidetzen du historia klinikoko testuak euskaraz idaztea asistentziaren jarraitutasuna bermatuz. Osabide sistema informatikoan, interfazean, botoi bat agertzen da, eta bertan klikatuta, euskaraz ez dakiten profesionalek gazteleraz ikus dezakete itzulpena. Proiektua Osakidetzaren 2. Euskara Planean jarri zen martxan, eta orain Donostialdeko ESIan probatzen ari dira, proba pilotu gisa.

Zer da zuretzat Itzulbide?
Euskara normalizatzeko tresna bat da, urrats garrantzitsu bat osasun-sisteman hizkuntza-berdintasunera iritsi ahal izateko, geroko asistentzia ziurtatu beharraren inguruko beldurrak kenduta.

Itzulbideren funtzio nagusia euskaratik gaztelaniara itzultzea da. Guk euskaraz idazten dugu, eta atzetik datorrenak euskaraz ez badaki, testua itzul dezake eta guk idatzitakoa ulertu.

Tresna horrek lasaitasuna ematen du osasun-langileen eta paziente euskaldunen arteko harremanak idatzizko esparrura ere eramateko, eta, alde horretatik, harremana sendotzen eta arretaren kalitatea hobetzen laguntzen du.

Nolakoa izan zen proiektuaren sorkuntza eta garapena?
2017an sortu zen Itzulbide proiektua, Osakidetzaren eta EHUko Informatika Fakultateko Ixa taldearen elkarlanari esker. Lehenengo fasea 2017-2021 izan zen; sistema neuronala elikatzea zen helburua, corpusa sortzea, eta horretarako testu elebidunak sortu behar genituen, esaldi laburrak, euskaraz eta gaztelaniaz. Orduan, pandemia etorri zen, eta dena bertan behera geratu zen. Baina bitarte horretan adimen artifizialaren eta informatikaren alorra gehiago garatu zen, eta aurrerapauso horiek lagungarriak gertatu ziren gerora.

Bigarren fasea 2023an hasi zen. Orduan paragrafoak eta garapen-orriak ere itzultzen hasi ginen, baita txosten kliniko batzuk ere, ahal genuen heinean, askotan ez baitzen bideragarria 30-35 paziente ikusi eta guztien txosten klinikoak bi hizkuntzetan idaztea. Fase horretan, lehenik euskaraz idazten genuen, Itzulbidek itzuli egiten zuen, eta gero ziurtatu behar genuen itzulpena ondo egina zegoela. Hiztegi eta terminologiarekin ere elikatu zen sistema; urte batzuk lehenago beste kide batzuek eta nik sortutako Traumatologiako Hiztegia sartu zuten adibidez. Eta, horrela, 2023-2025 artean Itzultzailea ondo zebilela ziurtatu eta prototipoa baliozkotu zen.

«ITZULBIDE EUSKARA NORMALIZATZEKO TRESNA BAT DA, URRATS GARRANTZITSU BAT OSASUN-SISTEMAN HIZKUNTZA-BERDINTASUNERA IRITSI AHAL IZATEKO, GEROKO ASISTENTZIA ZIURTATU BEHARRAREN INGURUKO BELDURRAK KENDUTA»

Azkenik pilotajea etorri da. 2025eko maiatzean Donostialdeko ESIko Osabide Global sistema informatikoan txertatu zuten itzultzailea, eta orduantxe hasi ginen.

Prozesu osoan 139 boluntario aritu gara, medikuak, erizainak eta farmazialariak; guztira, 32 espezialitatetako profesionalak.

Nolakoa izan da zure esperientzia boluntario gisa?
Aspaldi nabil historia klinikoan euskaraz idazteko boluntario-lanetan. 2013. urtearen inguruan, gure ospitalean Alta Txostenak Euskaraz mugimendua sortu zen, eta parte hartu nuen. Txosten kliniko batzuk egin genituen, bai euskaraz bai gaztelaniaz, eta horiek Itzulbideren corpusera irauli ziren gero. Ondoren, Itzulbiden hasieratik aritu naiz. Lan handia egin dugu, eta, horri esker, gaur egun segurtasunez idatz daiteke euskaraz eta gure hizkuntza gero eta presenteago dago historia klinikoan.

Egunerokoan, aldaketarik sumatu duzu?
Bai. Niri oso arrotza egiten zitzaidan paziente batekin dena euskaraz hitz egin ondoren gaztelaniaz idatzi behar izatea. Baina horrela egiten genuen, eta horregatik, maiatzean pilotajea abian jarri zenean, kosta egiten zitzaidan euskaraz idaztea, urte mordoa daramat-eta historia klinikoan gaztelaniaz idazten. Bat-batean horri buelta eman behar diozu. Baina ohitura kontua da. Gaur egun, txipa aldatuta, oso gustura nago aldaketarekin. Euskalduna naiz, euskaraz bizi naiz eta pazienteei euskaraz bizitzen laguntzen diet, naturaltasunez. Hasieran, lan handia dirudi, baina praktikarekin errazagoa da, hobekuntzak ikusten dira. Lankideak animatu nahi ditut pauso hori ematera.

Nola doa pilotajea zure inguruan?
Hasieran egin nuen lehenengo gauza zerbitzuko kideentzako saio kliniko bat prestatzea izan zen. Astero edukitzen ditugu saio klinikoak, eta interesgarria iruditu zitzaidan Itzulbideren inguruan hitz egitea ezertan hasi aurretik. Zergatik? Banekielako zenbait profesionalek testu bat euskaraz topatu eta ez zutela jakingo zer egin testu horrekin. Hori komunikatu beharra zegoen, nire zerbitzuan jende asko baitago euskaraz ulertzen ez duena, eta, gaizki-ulerturik, haserrerik-eta sor ez zedin, saio klinikoa antolatu nuen. Bertan azaldu nuen hemendik aurrera tresna bat dagoela paziente euskaldunekin euskaraz egiten dugunok testuak euskaraz idazteko eta euskaraz ez dakitenek testua itzulita edukitzeko. Funtzionamendua ikus zezaten, Itzulbide zer zen aurkeztu eta erakutsi egin nien.

Pilotajea momentuz ondo doa, oso erraz erabiltzen da: botoi bati eman eta segituan daukazu itzulpena. Hasierako beldurrak ere desagertu dira. Horietako bat zen itzulpenak txarrak izatea. Sortze fasean, adibidez, konturatu ginen huts batzuk egiten zituela, baina ez larriak. Generoarena zen bat. Paziente hitza gaztelaniaz femeninoa edo maskulinoa izan daiteke, eta holakoak ez zituen beti ondo bereizten. Dena den, akats horiek antzeman ahala, sare neuronala entrenatu eta konpondu egiten ziren. Eta orain oso ondo dabil, itzulpenak kalitatezkoak dira, onak eta erabat ulergarriak. Ondo landutako proiektua da.

Etorkizunari begira, zein da hurrengo pausoa?
Itzulbide bezalako proiektuak oso garrantzitsuak dira, eta zabaltzea eta erabiltzea falta da. Gaur egun, historia klinikoan badira elementu batzuk ele bitan (baimen informatuak eta abar), baina pauso gehiago eman behar dira Osabide guztiz euskaratuta egoteko. Eta profesional euskaldunoi dagokigunez, euskaraz idatzi nahi dugu. Dena den, bide luzea dago oraindik. Momentuz proba pilotuan gabiltza Donostialdeko ESIan. Egia esan, ondo funtzionatzen ari da, baina kontuan hartu behar da gurea erakunderik euskaldunenetako bat dela eta agian gehiago kosta daitekeela beste ESI batzuetara hedatzea. Hala ere, oinarria jarrita dago: corpusa, sistema neuronala eta proiektua bera. Gauzak egiten ari gara eta aurrera goaz, baina zuhurtziaz jokatzen jarraitu behar dugu, irizpideak adostuz eta komunikazioa ondo landuz.

Eta pazienteei begira?
Pazienteak beraien hizkuntzan artatuak izatea nahi dugu. Haiek nahi badute, historia klinikoan euskaraz idatzi nahi dugu; beraien eskubidea da, eta, gainera, komunikazioa errazten badu, konfidantza eta segurtasuna ematen badie, horrek guztiak gure asistentziaren kalitatea hobetzen du.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other