agenda » azaroa | HARPIDETU BULETINERA

Berdintasunerako eredu berriak

Osakidetzako Donostialdeko ESIak IV. Berdintasun Jardunaldia antolatu du azaroaren 7an, Berdintasunerako Eredu Berriak izenarekin.

Osakidetzako Donostialdeko ESIak IV. Berdintasun Jardunaldia antolatu zuen azaroaren 7an, Berdintasunerako Eredu Berriak izenarekin. Gai ugari jorratu zituzten jardunaldian: generoak osasunean duen eragina, maskulinitate-kutxa, pertsona zaurgarriei osasun-zerbitzuetan ematen zaien arreta… Donostialdeko ESIko Berdintasun Batzordea arduratzen da jardunaldi hauek antolatzeaz. Maitena Larrañaga eta Angela Alejos dira batzordeko erreferenteak eta haien lanaren fruitua izan da jardunaldia. «Berdintasunaren bidean pausoak ematen jarraitzeko» helburua adierazi du Larrañagak. Bertara joandako entzuleek aurretik hiru infografia jaso zituzten, eta horien inguruko galderak erantzun zituzten hizlariek.

Hauek izan ziren jardunaldiko edukiak: Emakunderen txostenaren aurkezpena (Maskulinitate kaxa Euskal Autonomia Erkidegoan: Maskulinitatearen eraikuntza, jarrerak eta inpaktua Euskal Autonomia Erkidegoko biztanlerian); Hausnarketa soziosanitarioa: begirada intersekzional bat mahai-ingurua; eta gogoetarako hiru foro: lehena Erantzukidetasuna, bigarrena Generoa eta osasuna eta hirugarrena Egoera zaurgarrian diren kolektiboak. Jardunaldiari amaiera emateko, Gotzone Mirandak, Osakidetzako Berdintasuneko eta Parte-hartzeko Zerbitzuko buruak, Mari Luz Esteban antropologo eta idazlearen poema bat irakurri zuen.

Mahai-inguruan, Ainhoa Zabaleta, Osakidetzako pediatra, eta Iñigo Lamarka, Arartekoa izandakoa, egon ziren hizketan eta Maialen Berridi familia-medikuak moderatu zuen. Zabaletak aipatu zuen osasunean hainbat faktorek eragin dezaketela: adina, sexua, generoa, bizimodua, erretzailea izatea, kirolaria, bizitokia, lan-baldintzak, ikasketa-maila, balio sozialak, eta abar. Zabaletak azaldu zuen osasunaren baldintzatzaile oso garrantzitsua dela generoa. Generoa eta sexua ezberdindu beharreko kontzeptuak dira: sexua biologikoa da, jaiotzetik duguna. Haren arabera, hormona eta sistema immunitario ezberdinak edukiko ditugu. Generoa, berriz, konstruktu sozial bat da: gizarteak asmatutako kontzeptu bat. Emakume izateko parametro eta arauak gizarteak ezarri ditu, baita gizon izatekoak ere.

Pilar Mendia Osakidetzako erizainak, Donostialdeko ESIko Berdintasun Batzordeko kide denak, Clara Sanchezekin batera parte hartu zuen Generoa eta osasuna foroan, Edurne Lizarazuk moderatuta. Mendiak aipatu zuen emakumeek «sintoma atopikotzat» jotzen direnak jasaten dituztela kasu askotan. Berdintasun Sailak egindako infografietan, honela azaldu dute: «Gaixotasunei buruzko ikerketa askotan, gizonen laginak hartzen dira; beraz, emaitzetan ez dira gizon eta emakumeen arteko desberdintasunak islatzen, ez baitira kontuan hartzen desberdintasun hormonalak, genetikoak eta kulturalak». Beraz, «sintoma atopiko» horiek ez dira benetan atopikoak, emakumeen sintomak baizik. Horrek zer-nolako ondorioak dakartza? Mendiak bi gako azpimarratu zituen: alde batetik, emakume askok ez dituzte sintomak gaitzarekin lotzen, eta gehiago kostatzen zaie osasun-zentroetara bertaratzea. Horrela, probak atzeratu egiten dira, eta ondorioz diagnostiko berantiarrago bat egiten da. Beste alde batetik, normaltzat hartzen den sintomatologia hori ez dutenez, gerta daiteke behar bezala diagnostikatuak ez izatea.

Ezkerretik hasita: Clara Sánchez, Edurne Lizarazu eta Pilar Mendia.

Beste kontzeptu bat ere jarri zuen Mendiak mahai gainean: liken esklerosoa. Gaixotasun kroniko bat da, batez ere genitaletan eta uzki-inguruan agertzen dena: larruazala mehetu, zuritu eta zimurtu egiten du, eta ondorioz azal hori atrofiatu egiten da. Entzule guztiei bota zien galdera Mendiak: nork daki zer den liken eskleroso atrofikoa? Ez zuten askok eskua altxatu, eta Mendiak berak aitortu zuen ez dagoela ikerketa askorik horren inguruan.

Zergatik ez da ezaguna gaitza? Mendiak argi dauka: batez ere menopausia-ondoko emakumeek jasaten dutelako. Hiru arrazoi aipatu zituen. Lehenik, orain dela gutxira arte menopausia tabu bat zen; ez zen horri buruz hitz egiten. Nola hitz egin zezakeen emakume batek genitaletan gertatzen ari zenaz? Pentsaezina zen. Bigarrenik, menopausiaz hitz egitea tabua izanik, lotsagatik, ez zuten liken esklerosoaren inguruan hitz egiten. Lotsa eta tabuaz gain, Mendiak hirugarren arrazoi bat ere eman zuen, azpimarragarriena: emakume bat menopausiara iristen denean, gizarteak utzi egiten dio emakume eta pertsona bezala ikusteari. Gizartearentzat duen balioa galdu egiten du menopausia duen emakumeak. Esan bezala, gaitza ez da oso ezaguna; ez dago ikerketa askorik haren inguruan, baina menopausia-ondoko 100.000 emakumek jasaten duten gaitza da. Gainera sintomak leuntzeko tratamenduak egon arren, ez dago gaitza sendatzerik. Sintomak hauek dira: hazkura, erresumina, mina, alde genitala eta uzki-ingurua lehortzea. Mina handia da, eta sexu harremanak edukitzea galarazten du. «Ezpain handi eta txikiak desagertu egiten dira» azaldu zuen Mendiak, «klitoriak fimosia jasaten du, baginaren kanala estutu egiten da; ondorioz, ezinezkoa da penetrazio-bidezko sexu-harremanak edukitzea eta azala esklerotiko geratzen da, orbaindua».

Egoera zaurgarrian direnen arreta
Generoak sortzen dituen desberdintasunak areagotu egiten dira jende zaurgarriaren kasuan. Jendea askotariko arrazoiengatik gerta daiteke egoera zaurgarrian: adina, migrazioa, gaixotasun arraroak, LGBTIQ+ kolektiboaren parte izatea, pobrezia… Biztanleen % 7k du mendetasun-maila aitortua, eta mendekotasunik ez duten gizonen eta mendekotasuna duten emakumeen arteko soldata arrakala % 29,4koa da. Etxerik ez duten emakumeen %  24,8k sexu-erasoak jasan ditu, eta gehienak kanpotarrak dira. Desiratu gabeko bakardadeak Espainiako biztanleriaren % 44ri eragiten dio; hauek dira bakardade horren arrazoi nagusiak: migrazioa, enplegua galtzea, zaintzailea izatea, dolua eta banantzea. Ainhoa Solla familia-medikuak moderatu zuen foro hori, eta Ainara Berasaluze eta Maider Gezala gizarte langileak izan ziren hizlariak.

Berasaluze homofiliaren kontzeptuaz jardun zen. Jendeak antzekotasuna dutenengan konfiantza gehiago duela argudiatuz azaldu zuen zergatik den zaila ezberdinagoak direnek lanpostu garrantzitsuak lortzea (zuzendari postuak, adibidez).

Bestalde, etxerik gabe direnak artatzeko zailtasunak aipatu zituen Berasaluzek. Laguntza hartzea onartu eta zita bat izan ondoren, zaila izaten da haiekin kontaktuan jartzea, askok ez baitute sakelakorik. Beste batzuek hizkuntza-zailtasunak dituzte: ez dute euskara edo gaztelania ulertzen, eta interprete bat behar dute.

Gogoeta-forotik eskakizun bat egin zuten Berasaluzek eta Gezalak: gizarte-langileek osasun-zentroekin batera lan egitea, jende zaurgarriari errazago eta azkarrago laguntzeko.

Zer da maskulinitate-kutxa?
Konstruktu teoriko bat da (Reina Sofia zentroa, 2022), gazteek genero-arau tradizionalekiko zer pentsatzen duten azaltzeko erabiltzen dena. Gizonak nolakoa izan behar duen, agindu tradizionalei kasu gehiago eginez gero, kaxaren barruan egongo da pertsona; agindu horiek gutxiago jarraituz gero, kaxaren erdialdetik urruntzen joaten da. Emakundeko aholkulari eta Gizonduz-eko koordinatzaile Ander Bergarak azaldu zuen kontzeptua Emakunderen txostena aurkeztean. Txostenaren azterketa egiteko 15-65 urte arteko jendeak hartu du parte, EAEko biztanleek duten pentsaera orokorra islatzeko.

Gizonak gutxiago aritzen dira zaintza-lanetan (senideengatiko eszedentzien ehuneko txiki bat baino ez dute eskatzen gizonek); horrek erakusten du genero-estereotipoek jarraitzen duela mugatzen gizonezkoek autozaintzan eta erantzukidetasunean duten rola. Antsietatearen eta depresio-sintomen prebalentzia handiagoa da emakumeen artean gizonen artean baino, adin-tarte guztietan (Eustat, 2023). Emakunderen txostenaren arabera, hamarretik sei gizonek diote sekula ez dutela arazorik eduki osasun mentalaren aldetik, emakumeen bikoitzak.

Euren burua maskulinitate-kutxan ikusten duten gizonezkoen kopuruak emakumezkoena hirukoizten duen arren, kopurua txikia da: gizonezkoen % 6,9 eta emakumezkoen % 2,2. Hala ere, aipatzekoa da ohiko maskulinitatearen baieztapenetatik urrutien jarri diren gizonak adin-tarte zaharrenetan daudenak izan direla eta gazteenek pentsamendu tradizionalagoak dituztela. Emakumeak kontuan hartuz gero, ordea, maskulinitate-kutxatik at jarri dute bere burua gehienek adin-tarte guztietan.

Erantzukidetasuna lantzeko, jardunaldiaren aurretik work cafe bat antolatu zen, eta Donostialdeko ESIko 26 profesionalek parte hartu zuten. Jardunaldian, Maitena Larrañagak eta Ander Lizarraldek hitz egin zuten horri buruz. Bertan jorratutako gaien artean, berdintasunak gaur egun dituen erronka eta oztopoak, erantzukidetasuna eta karga mentala agertu ziren. Lana banatzeko eta ez epaitzeko beharra azpimarratu zuen Lizarraldek, eta hori lortzeko balioak, oreka, komunikazioa eta hezkuntza behar direla ondorioztatu zen work cafean.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other