agenda » azaroa | HARPIDETU BULETINERA

Dementzia duten pazienteen zaintzaileentzako tailerra

Osakidetzak tailerrak prestatu ditu Donostialdeko ESIan, dementzia dutenak zaintzen dituztenentzat. Hilero tailer bat egingo dute, zaintzaileek behar duten informazioa eduki dezaten eta paziente eta zaintzaileen egunerokoa errazagoa izan dadin.

Euskal Autonomia Erkidegoan, 37.000 lagunek dementzia motaren bat jasaten dute. Fermin Moreno Osakidetzako Donostiako Unibertsitate Ospitaleko neurologoak eta programaren koordinatzaileetako batek azaldu du dementzia ez dela bakarrik pazienteari eragiten dion gaixotasuna, baizik eta «familiari ere eragiten dion gaitz bat». Normalean, familia da dementzia duen paziente horren kargu egiten dena; senitartekoak zaintzaile bihurtzen dira, eta ez dira lan errazak izaten: fisikoki dakarren gainkarga ez ezik, osasun mentalean eragina du, eta kasu askotan bakardadea ekartzen du. Hori ikusirik, zaintzaileei laguntzeko sortu dira tailer hauek: informazioa eskaintzen diete zaintzaileei, besteak beste zaintza emozional eta praktikoari buruz, baina baita gaixotasunaren beraren inguruan ere.

Morenok azaldu du kontsultan gaixotasuna eta tratamendu batzuk azaltzen zaizkiela paziente eta zaintzaileei, baina batzuetan ez dela posible gai guztiak behar adina tratatzea eta horretarako sortu direla tailerrak.

Informazioa eskaintzeaz gain, tratamendu medikoetan oinarritzen ez diren tresnak ere ematen dituzte. Morenok aipatu du kontsultan jasotzen den informazioa dela azken finean diagnostiko klinikoa egiteko erabiltzen dena. Kontsultan batzuetan deserosoa egiten zaio zaintzaileari pazientearen aurrean hura nola dagoen azaltzea, baina garrantzizkoa da profesionalak informazio hori jasotzea. Horregatik ere azaltzen zaie familia eta zaintzaileei diagnostiko klinikoak ez direla izaten guztiz zehatzak. Bestalde, jokabide-arazoak eta egoera zailak modu ez-farmakologikoan kudeatzeko jarraibideak ere ematen zaizkie-.

Nola daude antolatuak tailerrak?
Sei tailer dira guztira, eta hilean tailer bat egiten da, egunean bi aldiz: goiz-eguerdietan eta arratsaldean. Tailer bakoitzean, Osakidetzako Donostiako Unibertsitate Ospitaleko Neurologia Unitateko profesional batek edo gehiagok parte hartzen dute. Lehenengo tailerrean, dementzia zer den azaltzen du Fermin Moreno neurologoak: «Dementzia ez da zahartzea, eta dementzia denak ez dira alzheimerra; beste dementzia mota gehiago daude». Horrez gain, pazienteei egiten zaizkien proben nondik norakoak azaltzen dizkie Morenok zaintzaileei, eta prozesuak nolakoak diren, baita tratamenduak ere. Bigarren tailerra Mikel Tainta neurologoak eramaten du, eta jokabide-arazoen kudeaketa jorratzen da. Taintak argitu du tailer horren hasiera nahiko teorikoa dela: «Jokabide-arazoak zer diren azaltzen dugu, zein diren ohikoenak eta zergatik azaltzen diren, baita nola kudeatu ere».

TAILERRAK ESKAINTZEN DUEN INFORMAZIOA EZ DA PAZIENTEEN ONGIZATERAKO BAKARRIK, ZAINTZAILEEK JASATEN DUTENA KUDEATU ETA LAGUNTZA-SISTEMA BAT EDUKI DEZATEN ERE BAI.

Hirugarren tailerra jokabide-arazoon kudeaketaz da. Tailerraren bigarren zatia Myriam Barandiaran neuropsikologoak ematen du. Barandiaranek aipatu duenez, jokaera-arazo horietara gerturatzeko jarraibideak azaltzen zaizkie zaintzaileei, baita aztoratuta dagoen pertsona batekin hizkuntza ez-berbala nola erabili eta nola gerturatu ere. Norbere burua zaintzeko jarraibideak ematen zaizkie zaintzaileei: estresa nola gestionatu, doluaren prozesuari nola aurre egin. «Eskura ditugun teknika ez-farmakologiko guztiak» azaltzen zaizkie, nahasmendu horiek kudeatu eta ahal den heinean saihesteko. Laugarren tailerra gizarte-langile Montse Lacarena da: zer-nolako laguntza eman dezaketen eta nola eskatu azaltzen du.

Bosgarren tailerra, berriz, Alazne Gabilondo neurologoak eta Idoia Mendiburu erizainak ematen dute. Dementziaren fase aurreratuetan barneratzen dira. Gabilondok alde teorikoa azaltzen du: noiz den dementzia aurreratua, nolako arazoak agertzen diren fase horretan, eta nola sumatu eta zaindu. Mendiburuk, berriz, gaixoa etxean dagoenean sor daitezkeen egoerak nola kudeatu azaltzen die zaintzaileei: bazkariak nola egokitu, aulkian edo ohean egon behar badu pazientea etxean nola moldatu, pardelak nola aldatu ohean dagoela, ohea nola egin pazientea bertan badago, postura aldaketak…

Azkeneko tailerra irekia da. Antolatzaileetako asko bertaratzen dira, eta zaintzaileen galderei erantzuten diete. Galderen arabera bideratzen da tailerra; batzuetan, gai jakinetan geratzen dira, eta beste batzuetan askotariko gaiak jorratzen dituzte.

Zaintzaileen zaintza
Tailerrak eskaintzen duen informazioa ez da pazienteen ongizaterako bakarrik, zaintzaileek jasaten dutena kudeatu eta laguntza-sistema bat eduki dezaten ere bai. Barandiaran doktoreak azpimarratu du normala dela zaintzaileek haserrea eta amorrua sentitzea; ohikoa da erreakzio horiek agertzea, eta sentimendu horiei aurre egiteko jarraibideak ematen zaizkie tailerretan. Normala da horrelakoetan gaizki sentitzea, pazientearekiko erresuminduta egotea ere bai. Azken batean, zaintzaileek deskarga emozional bat behar dute, eta tailerrak horretarako espazio seguru bat eskaintzen du.

Zikloak sei tailerrekoak dira, eta urtean bi ziklo egiten dituzte. Antolatzeko garaian, zaintzaileek eskura izatea hartu dute kontuan. Izan ere, tailerretara bertaratzeko, pazienteak beste norbaitekin utzi behar dituzte, edo eguneko zentro batean. Horregatik, hilean behin egiten dira, eta tailer berdina goizean eta arratsaldean: zaintzaileek aukera gehiago izan dezaten bertaratzeko.

Gainera, doakoa da izen-ematea, eta ez dago tailer guztietara joan beharrik, ezta ordena zehatz batean ere. Gabilondok aipatu du zaintzaile batzuk azkeneko tailerretan bertaratzen hasten direla, eta ondoren lehenengoetara joaten direla. Morenok argi utzi du: «Irekia dago bakoitzak nahi dituen tailerretara apuntatzeko». Zaintzaile bakoitzak bere ahalen eta beharren arabera erabaki dezake. Osasun-zentroetan tailerrei buruzko informazio-orriak eta kartelak daude, eta bertan dagoen QRaren bidez izena eman daiteke.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other