Harria eta bisturia: bi tresna oso ezberdin, baina protagonista bakarra. Patricia Martin Kirurgia Plastikoko medikua da Osakidetzaren Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean, eta, aldi berean, txapelduna harria jasotzen.
Galiziarra bera, ia kasualitatez egin zuen topo harriarekin, duela bost urte, eta, gaur egun, maila gorenean lehiatzen da. Lanbide zorrotza eta indar-kirola uztartzea ez dela kontraesana dio, baizik eta egunerokoaren bi aurpegi osagarri. Indarra, diziplina eta aurreiritziak gainditzeko gogoa ditu bere ibilbide bikoitzaren oinarrian.
Kirurgia Plastikoko medikua eta Erredura Handietako Unitateko arduraduna zara, baita harri-jasotzailea ere. Nola sortu ziren bi bide horiek?
Txikia nintzenetik jakin dut medikuntza ikasi nahi nuela eta Madrilen egin nuen unibertsitate-gradua; ondoren, hemen egin nuen egonaldia, Gurutzetako Ospitalean. Harria jasotzearena beranduago etorri zen. Ni beti izan naiz kirolaria. Senarrak indar-kirola egiten du, eta, bere entrenamenduak osatzeko, Getxoko Ogikiñe harri-jasotzaile eskolarekin jarri zen harremanetan duela urte batzuk. Harria jasotzen hasi, eta ni ere «engainatu» egin ninduen. 2021ean hasi nintzen hala, eta gaur egun, nire senarrak utzia badu ere, guk horretan jarraitzen dugu.
Urrian, Euskal Herriko txapela irabazi zenuen. Nolakoa izan zen garaipena?
Erabat ustekabekoa. Gipuzkoako beste harri-jasotzaile bat zen faboritoa, oso indartsua bera, baina azken harriarekin huts egin zuen. Nire helburua podiumean sartzea zen, baina, puntuetan oso gertu nindoanez, aurreratu eta irabazi egin nuen. Ezusteko erabatekoa izan zen.
Ez da, ordea, zure lorpen bakarra. Badago bereziki hunkitu zaituen aitorpenik?
Arraun-ergometroan ere lehiatu izan naiz, eta master-mailako munduko txapelketa bat irabazi nuen; Europan, berriz, bigarren geratua naiz behin baino gehiagotan. Iaz, Liga Nazionalak antolatutako Strong Woman txapelketa ere irabazi nuen. Hainbat kontu irabazi ditut, baina txapela izan da «boom» handiena.

irabazi zuen Patricia Martinek. argazkia: Ibai Urrutia.
Asko harrituta geratzen dira: zirujau plastikoa eta harri-jasotzailea. Biak esku berak erabiliz, ez zaizkizu mintzen?
Jendeak uste duena baino gutxiago. Crossfit-arekin gehiago irekitzen zaizkit eskuak harriarekin baino. Harri-jasotzean ubeldurak egiten ditut, batez ere harri berriak erabiltzean eta ohitu arte, baina eskua bera ia ez da kaltetzen. Behin atzamar bat harrapatu nuen bi harriren artean hauek kargatzen eta deskargatzen nenbilela, baina oro har ez da horrelakorik gertatzen.
Nola uztartzen dituzu lana eta entrenamenduak?
Kirola nire laneko ihesbidea da. Gaur, adibidez, guardiatik ateratzean crossfit-era joango naiz; bihar harriarekin entrenatzera. Fisikoki nekatu, deskonektatu eta ospitalekotik guztiz ezberdina den jendearekin egoten naiz. Eta asteburuetan, berriz, lehiaketak edo erakustaldiak izaten ditut.
Denborarik gabe ibiliko zara.
Bai, Euskadiko bi txapelketa galdu ditut lanagatik edo kongresuengatik bi urteotan, esaterako. Azkenean, harri-jasotzea zaletasun bat da, eta lehentasunak argi daude.
Aukeratu behar bazenu, nola deskribatuko zenuke zeure burua, zirujau ala harrijasotzaile gisa?
Zirujau, noski. Bestea asko maite dut, baina zaletasuna da, eta jarraitu nahi dut, baina 40 urte ditut eta ez dakit zenbat urtez ibiliko naizen gazteak bezain bizkor lehiatzeko orduan, oso indartsu datoz eta. Hala ere, ez zait gustatzen modu bakarrean deskribatzea.
Lankideak edo pazienteak harritzen dira harriak jasotzen dituzula eta?
Hasieran, lankideak asko harritzen ziren, eta txantxak egiten zizkidaten: «Galiziarra, zirujaua eta euskaldunekin harriak jasotzen… Zer zabiltza?». Orain, umorez hartzen dute. Pazienteak, zorionez, lotsatiagoak dira. Bateren batek esan dit telebistan ikusi nauela, baina dagoeneko konfiantza dudan pazienteak izaten dira. Ez dit axola. Behin, esaterako, erreduren sekuelengatik artatzen dudan haurretako batek esan zidan telebistan ikusi ninduela; horrek ilusioa egin zidan.
Emakumeen kirolean gertatzen ari den gorakadaren parte zara.
Itzela da. Nik kirol hau goraka doanean harrapatu dut. Aurretik etorri zirenek zailagoa izan zuten, baina orain normalagoa da, eta horrek neska gehiago erakartzen ditu. 16-17 urte nituenean, ezinezkoa zitzaidan pentsatzea emakume batek indar-kirola egin zezakeenik. Ez nuen inor inguruan; beraz, pentsaezina zen. Orain, ordea, ikusgai egin da, eta gazteak indar izugarriarekin datoz.
Honetan aritu nahi duten neskei egin dezatela esango nieke. Berdintasuna erlatiboa da, baina askotan beldurrak edo besteen begiradak gelditzen gaitu. Ez duzu mutil batek adina altxatuko, fisiologikoko ezin dugulako, baina proportzionalki berdin altxatzera irits zaitezke. Eta inork ez zaitu arraro begiratuko. Gustatzen bazaizu, egin.
Harria jasotzeak teknika, pazientzia eta zehaztasuna eskatzen ditu. Zenbat eramaten duzu kirolera zure mentalitate kirurgikotik?
Asko. Biak osagarriak dira. Izaeraz oso diziplinatua naiz, bai ebakuntza-gelan bai lehiaketetan. Gakoa estresa kontrolatzea da ebakuntza-gelan zailtasunen bat baldin badago edota plazan, epaileak txistua jotzen duenean. Azkar pentsatu behar da, eta arretari eutsi.
Zure eskuak dira zure bizitzaren giltza. Nola gustatuko litzaizuke jendeak zu gogoratzea?
Euskaldunak garaitu zituen lehen galiziarra. Ez dut erreferente izan nahi, baina indar-kirola emakumeetan ikusarazten eta normalizatzen lagundu nahi dut. Eta erakutsi nahi nuke berdin dela zertan aritzen zaren: zure denbora librean nahi duzuna egin dezakezu.




