agenda » urtarrila | HARPIDETU BULETINERA

Debabarreneko ESIak 10 urte bete ditu BPSO programan

Best Practice Spotlight Organizations (BPSO) zaintzako jardunbide egokiak ezartzen laguntzen duen programa da. Kanadako Ontario probintzian dagoen Erizainen Elkarte Profesionalak (RNAO) garatutako jardunbide egokiak ezartzeko diseinatu zen, eta zainketen bikaintasuna du helburu.

2015ean sartu zen Osakidetzako Debabarrenako ESIa programan eta aurten hamargarren urteurrena ospatu dute; horretarako, jardunaldi bat antolatu zen Eibarko Coliseo antzokian azaroaren 20an. Ebidentzien garrantzia eta komunikazio erak jarri zituzten lehen lerroan.

Ekitaldi aretoa beteta, Xabier Barquero Osakidetzako erizainak aurkeztu eta gidatu zuen jardunaldia, BPSO programako burua berak. Aipatu zuen hamar urte hauetan jende askok parte hartu duela programan, eta ESIrako oso eboluzio positiboa izan dela; ebidentzian oinarritutako praktikak indartu egin direla eta profesionalek gero eta tresna gehiago dituztela emaitzak neurtzeko: «Ikusi dut gaur egun maila handiagoz hitz egiten dutela profesionalek ebidentzia zientifikoaren inguruan, datuen inguruan, ebaluazioen inguruan… Guk profesional gisa nola inplementatzen ditugun praktika jakin horien emaitzak agian hainbesteko konfiantza ez daukagun gai horietan».

Hamar urte hauetan ESIak izandako eboluzioaz galdetuta, Barquerok aitortu du pandemia garaian proiektuak une kritikoak izan zituela baina, ondoren, berpiztu egin zela guztiz. Garai horretan sartu zen Barquero proiektuan. Orain ebidentzia zientifikoaz hitz egiten dela dio erizainak, eta horretaz gain beste ezaugarri bat gaineratu du: komunitatearekin eta, batez ere, jende zaurgarriarekin lan egiteko gaitasuna dutela eta kasu zaurgarriei arreta eskaintzen zaiela, eta komunitatetik gertuago daudela: «Batzuetan ematen du komunitatea dela guregana etortzen dena, baina buelta hori egin behar dugu; gu joan zuzenean komunitatearengana».

Etorkizunera begira zer-nolako proiektuak datozen galdetuta, Barquerok argi dauka estrategia orok multimodala izan behar duela: «Ezin gara ekintza soil batean zentratu, estrategia askoren arteko konbinazioa izan behar du». Gizarteak komunikatzeko dauzkan joerak aldatu direnez, osasunaren arloan ere informazioa hedatzeko bideak aldatu behar direla dio BPSO Debabarrenako buruak; bestela, jendearengana iristea ezinezko izango delako. «Jendearengana iritsi nahi badugu baina ez baditugu komunikatzeko moduak aldatzen, ez dugu emaitza ezberdinik lortuko» azpimarratu du.

Zer ekarri du BPSOk?
Jardunaldiko lehen zatiko bi mahai-inguruen aurretik, inaugurazio hitzaldian, Fernando Ramos eta M. Pilar Sanchez Ezkerralde-Enkanterri-Gurutzetako ESIko erizainak aritu ziren. Azaldu zuten BPSO mugimenduak errealitate asistenzial bihurtzen duela ebidentzia. Ramosek esan zuen aspiragailuak egiten dituen enpresa ospetsu batek hamaika prototipo egin zituela produktu finala kaleratu aurretik, eta, beraz, ideia on bat edonork eduki dezakeela, baita plangintza on bat ere, baina ideia errealitate bihurtzeko konstantzia behar dela.

«EZIN GARA EKINTZA SOIL BATEAN ZENTRATU, ESTRATEGIA ASKOREN ARTEKO KONBINAZIOA IZAN BEHAR DU»

Horrez gain, biek azpimarratu zuten eguneroko zainketan ebidentzia zientifikoa integratzeak onurak dakartzala, eta garrantzitsua dela ohiko lan egiteko moduan praktika onak txertatzea. Alde horretatik, galdera bota zuen Ramosek: «Profesionalok zer-nolako balioa ematen diogu horri? BPSOren bidez, indarra, kemena, metodoa eta kontziliazioa uztartzen dituen hizkuntza bat eskaintzen dugu, elkarrekin lan egitea eta geure burua hobeto zaintzea ahalbidetzen duen zerbait». Proiektu bat dena kultura bihurtu behar litzateke: BPSOk proiektu izateari utzi, eta ohiko lan egiteko modu bihurtu. Ahalduntzearen eta talentuaren ahalmena.

Fernando Ramos eta M. Pilar Sanchez, Ezkerralde-Enkanterri-Gurutzetako ESIko erizainak.

Jardunaldiko mahai-inguruak
Bi mahai-inguruetan, Osakidetzako zenbait profesionalek emandako ponentzia gehienek bi ildori jarraitu zieten: ebidentziek dakartzaten emaitzen garrantzia eta informazioa komunikatzeko modua.

Lehen mahai-inguruan egindako ponentzietan detekzio bizkorra egiteko eta ultzerak prebenitzerako garaian jakintzak duen garrantzia aipatu zen. Pazienteak jasotzen duen zainketa oro idatzita gelditu behar dela aipatu zen. Alde batetik, zainketaren erabilgarritasuna neurtzeko, eta, bestetik, zainketa jarraitua, segurua eta koherentea eskaini ahal izateko: «Erregistratzen ez dena ez da existitzen» azpimarratu zen bi ponentzia ezeberdinetan. Horrez gain programa bera eta haren edukiak zabaltzeko erabili diren alternatibak ere azaldu ziren: ipuinak erabiltzea eta jendea programaren parte izatera erakartzeko scape room-a. Kontzientziazio bideo bat ere jarri zen: erorketa bat zer den eta zein ondorio eduki ditzakeen azaltzen zuena.

Bigarren mahai-ingurua umore ukitu batekin hasi zen, programaren edukiak eta prozedura egokiak zabaltzeko memeak erabiltzen dituzte Gorlizko Ospitalean. Mezu eta irudiak Ospitalean zehar eta WhatsApp taldeetatik bidaltzen dituzte, jendeak ohikoz erabiltzen dituen komunikazio bideetara egokituz. Bestetik, pazienteak eustearen inguruko ponentzia egin zen, kasu askotan eustea saihestu beharra dago-eta. Gidaliburu bat aurkeztu zen pazienteak eusteko beharra ekiditeko tresnekin, besteak beste. Mahai-inguruei amaiera emateko Miren Olatu zeladore banpiroaren istorien inguruan hitz egin zen, Mendaroko Ospitaleko bi zeladorek sortua. Komikia prozedimenduak azaltzeko erabili izan da eta hirugarren liburukia kaleratzear dagoela esan zuten.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other