agenda » ekaina | HARPIDETU BULETINERA

Alkohola eta psikofarmakoak adineko pertsonengan: zer dago atzean?

Mikel Baza • Osakidetzako Lehen Mailako Arretako medikua.

Alkoholaren eta psikofarmakoen kontsumoak gorakada handia izan du adineko pertsonen artean. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren lehen azterketa espezifikoaren arabera, 65 urtetik gorako gizonen ia % 40k egunero kontsumitzen dute alkohola, eta % 47,3k edan egin dute azken hilabetean. Emakumeen artean, txikiagoa da alkoholaren kontsumoaren portzentajea; lasaigarriak eta lo egiteko pilulak hartzen dituztenena, ordea, handiagoa.

Egindako ikerketak azpimarratzen du arriskuaren pertzepzio ahula dela arazo nagusietakoa. Belaunaldi askotan, alkohola sozializazioarekin eta eguneroko bizimoduarekin lotu izan da: edariaren inguruan eraiki dira, urte luzez, bazkariak, ospakizunak, lagunarteko topaketak eta tabernako ohiturak. Horregatik, adineko pertsona askok uste dute «kopa bat edo bi» hartzea ez dela batere arriskutsua. Alabaina, ohiko errutina bat bezala ulertzen da oraindik ere.

Adituek ohartarazi dute adineko pertsonen gorputzak ez duela berdin metabolizatzen alkohola, eta efektuak handiagoak izan daitezkeela kantitate txikiagoak kontsumituta ere. Gainera, askok bestelako botikak hartzen dituzte egunero, eta substantzien nahasketek ondorio larriak sor ditzakete. Hori dela eta, osasun publikoaren ikuspegitik, adinekoen alkohol-kontsumoak gero eta kezka handiagoa sortzen du, askotan ikusezina delako eta sozialki onartua dagoelako.

Emakumeak eta psikofarmakoen erabilera kronikoa

Lasaigarriak, lo egiteko pilulak eta antidepresiboak oso hedatuta daude adineko pertsonen artean. Azterketaren arabera, ia erdiek hartu dituzte inoiz, eta heren batek azken urtean kontsumitu ditu. Emakumeetan, erabilera nabarmen handiagoa da. Adituen arabera, joera horretan, eragin handia dute genero-rolek eta sufrimendu emozionalerako medikazioak. Mikel Baza Osakidetzako medikuak azaldu du emakumeak historikoki ondoeza eta sufrimendua modu biomedikoan adieraztera bideratu dituztela, eta horrek psikofarmakoetara jotzea erraztu duela. Gainera, epe laburreko tratamendurako diseinatutako botikak, askotan, urteetako kontsumo bihurtzen dira. Lasaigarrien kasuan, mendekotasun-arriskua lau aste ingurutik aurrera handitzen dela gogorarazi du medikuak.

Albo kalte nagusien artean dira: logura, memoria arazoak, erorikoak eta ospitaleratzeak. Gainera, kontuan izan behar da, erabiltzaile askok ez duela ikusten botikekiko mendekotasuna duela, kontsumoa medikuaren errezetarekin lotuta dagoelako eta, beraz, segurtasun edo legitimotasun sentsazioa duelako.

Prebentzioa eta alternatiba ez-farmakologikoak

Hori ikusirik, Osasun Sailak eta Osakidetzak prebentzio-neurriak indartzea proposatu dute. Besteak beste, alkoholaren arriskuei buruzko sentsibilizazioa handitzea, psikofarmakoen erabilera kronikoa berrikustea eta botikak agindu aurretik alkohol-kontsumoa kontrolatzea. Horrez gain, alternatiba ez-farmakologikoak sustatu nahi dituzte: laguntza psikologikoa, jarduera fisikoa eta komunitate-baliabideak. Bazaren ustez, gakoa da ondoeza ez ulertzea beti patologia moduan; askotan, bakardadearekin, bizi-erritmoarekin eta laguntza-sareen faltarekin lotzen baita. Kontsumoa ohitura arrunta ez bihurtzeko eta kolektibo zaurgarriak babesteko helburuarekin jaso dituzte neurri horiek guztiak Osasun Sailaren VI. Adikzioen Planean (2023-2027).

‘Benzogutuna’: psikofarmakoak modu seguruan uzteko gida’

Psikofarmakoen gehiegizko erabilera ikusirik, urteotan indarra hartu duen tresnetako bat da «Benzogutuna»: benzodiazepinen, lasaigarri eta somnifero ohikoenen, kontsumoa modu progresiboan murrizteko erabiltzen den gida edo gutun praktikoa. Osakidetzako profesionalek psikofarmakoen erabilera kronikoa duten pazienteei gutun pertsonalizatua bidaltzen diete, familia-medikuak sinatua, hartzen duen botikaren inguruko azalpenekin eta dosia pixkanaka gutxitzeko jarraibideekin. Helburua ez da tratamendua bat-batean etetea, baizik eta «Poliki baina pausoka», abstinentzia sintomak saihestuz, kontsumoa modu seguruan murriztea.

«65 URTETIK GORAKO PERTSONA ASKOK POLIMEDIKAZIOA DUTE, ETA SUBSTANTZIEN ELKARREKINTZEK AREAGOTU EGITEN DITUZTE ERORIKOAK ETA NARRIADURA KOGNITIBOA»

Dokumentuak gogorarazten du benzodiazepinek antsietatea edo insomnioa arintzen laguntzen dutela baina ez dutela arazoaren jatorria konpontzen, eta denbora luzean hartuz gero, erorikoak, memoria-arazoak edo narriadura kognitiboa eragin ditzakeela, bereziki adinekoengan. Horregatik, Benzogutuna izenekoak despreskripzioaz harago doan ikuspegia sustatzen du: pazientea ahalduntzea eta bestelako alternatibak indartzea, hala nola loaren higienea, terapia psikologikoa, erlaxazio teknikak eta ohitura osasungarriagoak.

Programak emaitza onuragarriak izan ditu: Osakidetzako Bilbo-Basurtuko ESIan lehen aldiz aplikatu zenean, pazienteen % 22k benzodiazepinak uztea lortu zuen urtebeteren buruan. Mikel Bazaren arabera, tresna horrek paradigma-aldaketa bat dakar, ondoez emozionala automatikoki medikalizatu ordez, harago joaten baita, laguntza sozial eta komunitarioari garrantzi handiagoa emanda.

Alkoholaren eta psikofarmakoen konbinazioa, kezkarik handiena

Azterketak bereziki kezkagarritzat jotzen du alkohola eta psikofarmakoak nahastea. EAEko adinekoen % 5 inguruk biak kontsumitzen ditu egunero. Substantzia horien interakzioek ondorio neurologiko eta kognitibo larriak eragin ditzakete, batez ere polimedikazioa dutenengan. Bazaren arabera, efektuek elkar indartzen dute, eta horrek erorikoen arriskua eta narriadura kognitiboa handitzen ditu. Osasun Sailaren ustez, arazoaren alderdi garrantzitsu bat etxe-barruan gertatzen den kontsumo «ikusezina» da, ohitura moduan normalizatuta dagoena.

Tabakoa eta diru-jokoa

Alkoholaz eta psikofarmakoez harago doazen beste mendekotasun-jokabide batzuk ere aztertu dituzte, hala nola tabakoaren kontsumoa eta diru-jokoa. Gaur egun, adineko pertsonen % 8k erretzen duela ondorioztatu du txostenak, nahiz eta datuek erakusten duten gizonek iraganean askoz gehiago kontsumitu izan dutela urte luzez. Emakumeen kasuan, berriz, historikoki kontsumoa txikiagoa izan bada ere, etorkizunean igoera posible bat gerta daitekeela ohartarazi dute, azken urteetan tabakoaren normalizazioa handiagoa izan delako emakumeen artean eta adin horretako emakume erretzaileek gutxiago jotzen dutelako tabakismoaren tratamenduetara.

Diru-jokoari dagokionez, ikerketak erakusten du adinekoen % 60k jokatu dutela azken urtean, batez ere loterian, Gabonetako zozketetan eta aurrez aurreko joko tradizionaletan. Kasu gehienetan, aisialdiarekin eta ohitura sozialekin lotutako jarduerak dira, eta ez dute zertan mendekotasun-arazo larririk eragin. Hala ere, Osasun Sailak adi jarraitzeko beharra azpimarratu du, bakardadeak, denbora libreak eta egoera ekonomiko zaurgarriek pertsona batzuk arrisku handiagoko jokabideetara bultzatu ditzaketelako.

Informazio gehiagorako: Osasun Saila. Drogen erabilera adineko pertsonetan Euskadin. Eusko Jaurlaritza, 2025.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other