Osakidetzak etapa berria du osasunaren digitalizazioan: desplazamenduak ezabatzen ditu, eta lehen erabiltzen ziren CDak ordezten. Osasun Karpeta herritarrek informazio klinikoa eskuratzeko duten ate nagusia bihurtzen du Irudigiltza deitutako
sistemak.
Urte askoan, bide burokratiko luze xamarra egin behar izan da erradiografiak edo erresonantziak jasotzeko. Pazientea ospitalera bertaratu, irudiak eskatu, egun pare bat itxaron eta, orduan, ospitalera itzuli behar zen, CD bat jaso, eta hura beharrezko zuen espezialistari eraman. Gaur egun, atzean geratu dira horrelakoak. Irudigiltza baliatuz, etxetik eskatu eta deskargatu daitezke azterketa medikoen irudiak, modu seguruan eta 24 orduren buruan.
EAEko osasun-sistemako eraldaketa digitalaren urratsik handienetako bat da ekimena. Baina aldaketa sakonagoa ere islatzen du: osasun publikoa herritarrei hurbiltzeko borondatea, eta izapideak, itxaronaldiak eta beharrezkoak ez diren joan-etorriak murriztea.
Proiektu horretan, osasun arloko lantalde eta teknikari talde askoren lana dago; horien artean, Dabi Santano Osakidetzako familia-mediku eta osasun digitalean espezialista dago, eta Irudigiltzaren filosofia esaldi bakar batean laburbiltzen du: «Zure azterketa medikoen irudiak, nahi duzunean eta etxetik irten gabe».
Proiektuaren sorkuntza
Irudigiltzaren sistema sortzeko beharra gero eta nabarmenagoa den errealitate batetik sortu da. Diagnostiko-probak erabat digitalizatuta daude, eta, historia kliniko elektronikoan gordeta egon arren, herritarrek euskarri fisikoen mende jarraitzen zuten Osakidetzatik kanpoko profesionalekin partekatu behar zituztenean. «Duela urte batzuk, erradiografia bat egitean, fisikoki ematen zitzaion pazienteari gutun-azal itxi baten barruan», azaldu du Santanok. Irudien digitalizazioarekin, sistema barrutik aldatu zen, baina ez erabiltzaileentzat. «Osasun-profesionalak zuzenean sar zitezkeen probetara, baina herritarrek aurrez aurre joan behar zuten irudiak eskatzera sistematik kanpo partekatu behar bazituzten».
«2025EAN 592.000 LAGUNEK BAINO GEHIAGOK ERABILI ZUTEN PLATAFORMA»
Dabi Santano
Aurreko prozedura, mantsoa zen eta ez oso praktikoa. Pazienteak ospitalera edo osasun-zentrora joan behar zuen irudiak eskatzera, eta, gero, administrazioko langileek grabatutako CDa jasotzera itzuli. Arazoa da teknologiak modelo horrek baino azkarrago egin duela aurrera: «Ordenagailu gehienek jada ez dute CD irakurgailurik», adierazi du Santanok, «Euskarri hori zaharkituta geratu da, eta gaur egungo errealitate digitalera egokitu behar zen».
Horrela jaio da Irudigiltza. Sistemak sareko espazio seguru baten bidez funtzionatzen du, non paziente bakoitzak eskatutako proba diagnostikoa aldi baterako ostatatzen baita. Orain, edozein ordenagailu edo sakelakotatik deskargatu daitezke erradiografiak, OTAk, erresonantzia magnetikoak eta mamografiak.
Sistemaren erabilera
Sistema pixkanaka ezarri da. Lehenengo fasean, iazko ekainean hasita, herritarrek osasun-zentrora joan behar zuten eskaera egitera. Bertan, dokumentu bat jasotzen zuten sarbide-gakoekin eta irudiak etxetik deskargatzeko beharrezko jarraibideekin. Hala ere, aldaketak hobekuntza nabarmena izan du. «Sistema horri esker, erdira murriztu da osasun-zentroetara bertaratu behar izan duten pazienteen kopurua», nabarmendu du Santanok.
Sistema Osasun Karpetan erabat ezartzean iritsi da benetako aldaketa. Plataforma horren erabiltzaileek modu telematikoan kudea dezakete prozesu osoa. Nahikoa da Irudigiltzan sartzea «izapideak» atalean, jaso nahi diren irudiak aukeratzea eta eskaera berrestea. 24 ordu inguruan, probak zure sarean agertzen dira eskuragarri.

«Herritarrek eskaera Osasun Karpetatik egiten badute, zentroek eta ospitaleek ez dute esku hartu beharrik», azaldu du Santanok. Azkartasun eta erraztasun horrek erabiltzaileen esperientzia hobetzeaz gain, nabarmen murrizten du osasun-zerbitzuetako administrazio-karga. Orain arte, langileek eskaerak kudeatu behar zituzten, azterlanak euskarri fisikoetan kopiatu eta biltzeke geldituriko CD ugari gorde. Askok ahaztuta bukatzen zuten: «Zentro guztietan genituen azkenean suntsitu beharreko diskoak, inoiz ez zirelako etortzen jasotzera», oroitzen du Santanok.
Zerbitzu berriaren eskari-kopuruak harrigarriak izan dira Osakidetzarentzat ere. Hasiera batean, ez zen espero irudi diagnostikoen eskaera-kopuru handia, baina datuek agerian utzi dute zerbitzuaren premia. Orain arte, 41.000 lagunek baino gehiagok erabili dute sistema, 52.000 Irudigiltza-sarbide baino gehiago sortu dira, eta 145.000 azterketa mediko baino gehiago jarri ziren hodeian.
Segurtasuna
Hazkunde horren ondorioz, halaber, proiektuaren erronkarik handienetako bati aurre egiteko beharra piztu da: ingurune digital batean datu klinikoen segurtasuna bermatzea. Irudi medikoek informazio bereziki sentikorra dute, eta haiek babestea ezinbesteko baldintza izan da sistema martxan jartzeko garaian.
Santanok azaldu duenez, segurtasuna bermatzeko ezarri diren neurriak datuak babesteko Europako araudiak eskatzen dituen baldintza guztiak betetzen ditu. Inpaktu espezifikoaren ebaluazioaz eta segurtasuneko barne-auditoretzez gain, probetarako sarbidea babestuta dago autentikazio bikoitzeko sistemarekin eta CAPTCHA-bidez, sarbide automatizatuak edo indar-erasoak saihesteko.
Irudiak ere ez dira betirako sarean geratzen. Irudi bakoitza gehienez hiru hilez egongo da eskuragarri, eta, epe hori gainditzean, automatikoki ezabatuko da. Pazienteak irudiak berriro eskuragarri nahi baditu Osasun Karpetan sartu beharko da berriro, eta beste eskaera bat egin.
Digitalizazio-estrategia
Osakidetzak bultzatutako osasunaren digitalizazio-estrategia zabalago baten parte da Irudigiltza. Pazienteekin harreman ez-presentziala edukitzeko tresna nagusi gisa finkatu da Osasun Karpeta. 2021ean berritu zenetik, hazkundea etengabekoa izan da, zifra errekorretara iritsi arte: 592.000 lagunek baino gehiagok erabili zuten plataforma 2025ean; 8,2 milioi sarrera baino gehiago sortu ziren. «Sartzeko erraztasuna, segurtasunaren bermatuz betiere, eta gehitutako funtzionaltasun berriak funtsezkoak izan dira hazkunde horretan», dio Santanok.
Gaur egun, plataformak aukera ematen du hauek kontsultatzeko: analitikak, txosten medikoak, tratamendu farmakologikoak, txertoak, alergiak, laneko baja-parteak edo egiteko dauden hitzorduak. Paziente askok kontsultara joan aurretik aztertzen dituzte emaitzak: «Haien analitikak aurretik ikusita joatea gustatzen zaio jendeari kontsultara, bertan jasoko duten informazioa hobeto ulertzeko eta zalantzak argitzeko», azaldu du Santanok.
Digitalizazioak aurrera egiten jarraituko du datozen urteetan. Osakidetza jada lanean da, izapide administratibo batzuk online egiteko aukera emateko: erreklamazioak, kexak eta esker emateak. Gainera, hemendik gutxira, Whatsapp-bidezko jakinarazpen-sistema bat ere jarriko da abian, komunikabide hori erabili nahi dutenentzat.
Hala ere, teknologiaz harago, Irudigiltzak eraldaketa sakonagoa irudikatzen du osasun-arreta ulertzeko moduan. Burokrazia gutxiago, desplazamendu gutxiago eta autonomia gehiago pazienteentzat: «Arreta-eredu horretan, urrats garrantzitsua da etxetik mugitu gabe kudeatzea zure irudi klinikoak eskatzeko prozesu osoa», ondorioztatu du Santanok.
Osasun publikoa egokitzen ari den seinale da itxuraz erraza den aldaketa —CDak sare digitalarekin ordezkatzea—. Gizarteak gero eta gestio gehiago egiten ditu sarean, baita sakelakotik bertatik ere. Lehen pazienteak leihatila batean itxarotera behartzen zituen gestio burokratikoa erraztu egin zaio pazienteari.




