Urteotan pantailen erabilerak protagonismoa hartu du haur eta nerabeen egunerokoan, eta, horrekin batera, osasun-profesionalen kezka ere handitu egin da. Mirene Beriain Osakidetzako pediatrak dio haurren garapen fisikoan, emozionalean eta sozialean ondorio nabarmenak izan ditzakeela pantailen erabilera desegokiak.
Arazoa ez dago soilik jasotzen dituzten edukietan, baizik eta pantailen aurrean ematen duten denboran; zer-nolako esperientziak ordezkatzen dituzten, horretan dago koxka sarritan.
Aukera-galera isila
Mirene Beriain pediatraren arabera, haur batek pantailen aurrean egunean hainbat ordu ematen dituenean, denbora hori beste jarduera garrantzitsu batzuei kentzen die: mugitzeari, aurrez aurreko harremanei, jolasteari, atsedenari… Horrek eragin zuzena izan dezake ongizate fisiko eta emozionalean. Gainera, gero eta ohikoagoak dira loaren nahasmenduak, arreta-galerak, emozioak kudeatzeko zailtasunak eta ikasteko arazoak. Adituaren ustez, gaur egungo plataformen diseinuak berak du zerikusi handia horretan. Eduki azkarrek, estimulu etengabeek eta algoritmoek erabiltzailea konektatuta edukitzea dute helburu, eta horrek arreta-gaitasuna ahultzen du.
Kontsultetan gero eta maizago
Familiak ez dira normalean pediatrarengana joaten haurrek pantailei begira denbora larregi ematen dutela antzemanda. Hala ere, egia da horren albo-ondorioak gero eta gehiago ikusten direla kontsultetan: antsietatea, ondoez emozionala, lotarako arazoak, gehiegizko pisua edo ikasketetan zailtasunak. Albo kalteen arrazoiak somatuta, pediatrek gero eta gehiago galdetzen dute haurren pantaila-ohiturei buruz. Kasu askotan, familiek ez dute kontzientziarik seme-alabek zenbat denbora ematen duten konektatuta edo zer kontsumitzen duten.
«Askotan ez dakite erabilera hain handia edo desegokia egiten dutela. Eta zer gertatzen den ez badakigu, zaila da konponbidea jartzea» azaldu du Osakidetzako profesionalak.
Pandemiak azeleratutako joera
Pantailak gero eta gehiago erabiltzea ez da izan pandemiaren ondorio hutsa, baina COVID-19aren garaian, nabarmen azkartu zen joera. Etxean itxita egondako hilabeteetan, sakelakoak, tabletak eta ordenagailuak bihurtu ziren harremanetarako, ikasteko eta aisialdirako tresna nagusi.
Ohitura horiek txikitatik finkatuz gero, ondoren zailagoa da horiek aldatzea. Gainera, hezkuntzaren digitalizazioak ere bultzada handia izan du pandemiaren ondoren, eta horrek gailuen presentzia areagotu du ikastetxeetan zein etxeetan.
Diseinu adiktiboa, eduki desegokiak eta adimen artifizialaren erronka
Pantailen inguruko kezka ez da denbora-kontu hutsa. Egun erabiltzen dituzten aplikazio askok diseinu adiktiboa dute eta, gainera eskaintzen dituzten edukien kalitateak ere geroz eta garrantzia handiagoa du. Erraza da hauen bitartez online pornografiara, eduki bortitzetara eta desinformaziora sarbidea izatea oraindik ere guzti hori kudeatzeko gai ez diren adinetan. Sare sozialak informazio-iturri nagusi bihurtu dira askorentzat, baina algoritmoek ez dute zertan edukirik fidagarriena lehenetsi.
«UMEAK EZ DIRA BOST ORDUZ LIBURU BATI BEGIRA GERATZEN, SMARTPHONE BATI BEGIRA BAI»
Horri gehitu behar zaio adimen artifizialak ekarri dituen erronka berriak. Alde batetik, sareetan benetakoak diruditen irudi, audio eta bideo faltsuak sortzeko gaitasunak direla eta, etorkizun hurbilean, gero eta zailagoa izango da bertan ikusten dena benetakoa ote den bereiztea, bereziki gazteen artean. Bestetik, adimen artifizialak ikasketetan eta harremanetan izango dituen eraginak nabarmenak izango dira: geroz eta gehiagok erabiltzen dute euren arazo pertsonalei irtenbidea bilatzeko euren isolamendua areagotuz.
Sare sozialen eragina buruko osasunean
Buruko osasunaren eta sare sozialen arteko lotura ere gero eta gehiago aztertzen ari dira. Profesionalek azpimarratzen dute sare sozialak ez direla arazo guztien jatorria, baina eragin handia dutela. Gorputz perfektuen irudi etengabeak, autolesioen normalizazioa, jazarpena, pornografia eta eduki bortitzak dira gehien aipatzen diren arriskuetako batzuk. Bereziki neska nerabeek jasaten dute sare sozialen eragin kaltegarri hori, ikerketa zientifikoek horrela erakutsi dute.
Familientzako prestakuntza Osakidetzan
Horregatik, Osakidetzak ekimen batzuk jarri ditu abian familiei informazioa eta tresnak emateko. Helburua ez da soilik familiei arriskuen berri ematea, baizik eta baliabideak jartzea seme-alaben erabilera modu osasungarriagoan kudeatzeko. Gainera, Lehen Mailako Arretako pediatrei eta erizainei material espezifikoak banatu zaizkie formakuntza hori beste osasun-zentro batzuetara zabaltzeko.
Noiz eman behar zaie haurrei lehenengo smartphone-a?
Familiek gehien egiten duten galderetako bat da haurrei lehenengo smartphone-a zein adinetan eman behar zaien. Gaur egun, 16 urtera arte atzeratzea gomendatzen dute Osasun Eskolak, herritarrei osasunaren zainketei buruzko informazioa emateko Osakidetzaren online plataformak, eta Espainiako eta Euskal Herriko Pediatria Elkarteek. Profesional askoren ustez, zenbat eta beranduago eman, hobe. Gainera, gomendatzen dute sakelakoa ez aurkeztea sari edo opari gisa, eta nola darabilten hasieratik gainbegiratzea. Familia askok, gainera, elkarrekin adosten dute sakelakoa emateko adina atzeratzea, presio soziala murrizteko.
Kontzientziazioaren garrantzia
Beriainen arabera, familientzat prestatzen den hitzaldi edo kanpaina bakoitzak bere balioa dauka. Pertsona bakar baten ikuspegia aldatzea ere urrats garrantzitsua izan daiteke. Horregatik, Osakidetzak ezinbestekotzat jotzen du haur eta nerabeen osasuna eta ongizatea babestea. Osakidetzako Pediatrak argi du mezu nagusia; gaur egun haurrak eta nerabeak goizegi hasten dira gailuak erabiltzen, denbora gehiegi ematen dute eta ikuskapenik gabe. Osasun arlotik ematen diren gomendioak ezagutzea eta helaraztea oso garrantzitsua da kontuan har daitezen. Adin horietan garapen prozesuan daude eta horregatik, hain zuzen ere, zaurgarriagoak dira gailuen arrisku eta ondorioekiko. «Helduek hartu behar dugu ardura, gure erabilera berrikusi eta guztien inplikazioa bultzatu; familiena, hezkuntzarena, osasun-sistemarena eta gizarte osoarena, gazteak baitira dira gure etorkizuneko gizartea osatuko dutenak».




